Alaves izango da Anaitasunaren aurkaria Errege Kopan

Andoni Elduaien

Alavesen izena atera da gaur zozketan. (Espainiako Futbol Federazioa)

Duela minutu gutxi egin dute zozketa Espainiako Futbol Federazioaren Las Rozaseko egoitzan. Urriaren 28an Txerloian jokatuko dute gorritxoek Alavesen aurkako lehia. Kopa txapelketako lehen kanporaketa hori partida bakarrera izango da. 

Anaitasuna futbol taldeak Espainiako Errege Kopa jokatuko du. Navarreteko (Errioxa) Tedeon taldearen aurkako atariko kanporaketa aise gaindituta (10-2), kopa txapelketako lehen kanporaketa jokatzeko sailkatu da Loren Barbado entrenatzaileak zuzentzen duen taldea. 13:00etan hasita egin dute lehen kanporaketa horretako partida guztiak zehazteko zozketa Espainiako Futbol Federazioaren Las Rozaseko egoitzan, eta gorritxoei Alaves egokitu zaie.

Alavesez gain, Anaitasunaren aurkari posibleak Athletic, Osasuna eta Espanyol ere baziren, eta azkenean, Gasteizko taldearen izena atera dute bolatxoan. Hori hala, urriaren 28an, asteazkenez, neurtu beharko dituzte indarrak Anaitasunak eta Alavesek, Txerloian. Partida bakarrera jokatuko dute kopa txapelketako lehen kanporaketa hori, eta irabazlea abenduaren 2an jokatuko duten bigarren kanporaketara sailkatuko da.

Urte gutxian, bigarrenez jokatuko du Anaitasunak Espainiako Errege Kopa; izan ere, 2020ko abenduaren 17an, Anaitasunak Getaferen aurka jokatu zuen Txerloian. Gorritxoek 1-2 galdu zuten Madrilgo taldearen aurka, nahiz eta markagailuan aurrea hartzea lortu zuten. COVID-19a zela eta, zaleen babesik gabe aritu zen Anaitasuna Getaferen aurkako partidan. Aurten, berriz ere, Espainiako Lehen Mailako talde baten aurka arituko dira gorritxoek, baina, oraingoan, jarraitzaileen babesa izango dute.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide