UEMAren Esnatu dinamika aurkeztuz hasiko du Maxixatzenek Euskola zikloa

Ane Olaizola

Gari Goikoetxea, iaz, Euskola zikloaren saio batean. (Oier Arregi)

Urriko lau asteazkenetan hitzaldi bana izango da Elkargunean, eta euskara oinarrian izanda, askotariko hertzak jorratuko dituzte astez aste. 18:00etan izango dira solasaldi guztiak. 

Urriarekin batera iritsiko da Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatzen duen Euskola hitzaldi zikloa, eta ohiko moduan, hilabeteko asteazkenetan euskara ardatz duten askotariko solasaldiak izango dira Elkarguneko Oteiza aretoan, 18:00etan hasita. 

Soziolinguistikan gaurkotasun betean den gaietako bati helduko dio Maxixatzenek Euskola zikloari ekiteko: izan ere, euskarari lotutako azken ikerketek eta datuek alarmak piztu dituzten honetan, Esnatu dinamika aurkeztu du UEMAk, eta egitasmo hori plazaratuko du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko teknikari Ale Goikoetxeak Azkoitian, hilaren 7an. Mankomunitateak adierazi du, gaur egungo joerak jarraituz gero, eremu euskaldunenean ere euskarak atzerantz egingo duela, eta egoerari erantzuteko asmoz abiatu du hark Esnatu dinamika, hainbat eragileren laguntzarekin. Modu horretara, "era guztietako eragileak" ahaldundu nahi ditu, eta eremu euskaldunek bizirik iraun dezaten, haien konpromisoa sustatu nahi du. Horregatik, Euskolaren antolatzaileek bereziki dei egin diete herriko eragileei asteazkeneko hitzaldian parte har dezaten. 

Hilaren 14an jarraituko du euskaldunen eskolak, Haritz Garmendiaren eta Mikel Artolaren eskutik. Arnasguneen esparruan jarraituko du egitasmoak bigarren astean ere, baina orduan, euskalgintzaren diskurtsoetan sakonduko dute. Horien ondotik, Plazara egitasmoko kide Eneko Gorri izango dira Elkargunean, urriaren 21ean. Euskal Herriko txoko eta esparru guztietan euskara ikusgarriagoa, entzunagoa eta erabiliagoa izatea du helburu egitasmo horrek, eta Azkoitiko saioan, Gorrik Ipar Euskal Herrian jarriko du arreta. Izan ere, eremu horretan euskarak dituen erronkak eta irakaspenak azalduko ditu hark. 

Urriko azken asteazkenean, bestalde, Errigora egitasmoarekin agurtuko dute aurtengo zikloa. Izan ere, Nafarroako elkarteak Sustraitik espaziora dokumentala sortu du, eta ikus-entzunezko lan hori aurkezten izango da Peru Aranburu urriaren 28an. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide