"Maxixatzen aspaldi ari zen esaten gero eta gaztelania gehiago, asko, entzuten dela kalean Azkoitian. Gazteek, batez ere, gero eta okerrago egiten dute euskaraz, eta gaztelaniaren makulu gero eta gehiago behar izaten dituzte. Hori guztia, inoizko egoerarik onenean: duela 40 urte, udalak ez zuen bere jardun osoa euskaraz egiten; sendagileak, agian, erdaldunak ziren, gaur egun ez bezala... Orain, udaltzainek ere, gutxi-asko, jakin badakite euskara, udal erakundeak euskaraz funtzionatzen du eta ume guztiek D ereduan ikasten dute. Ustez, gainera, jarrera ona dago euskararekiko: herrian euskara elkartea dago, AEK ere bai... Eta hala ere, euskara galtzen ari da, beheraka doa. Ihes egiten ari zaigun zerbait dago hor", dio Karmen Irizar Maxixatzen euskara elkarteko kideak, kezkaz. Ardura horretatik abiatuta, elkarteak ikerketa bat abiatu du, euskararen beherakada zer faktorek eragiten duten jakiteko. Horretarako, herritarrak elkarrizketatu nahi ditu, galeraren muinera jo nahian.
Ingurutik jasotako pertzepziotik haratago, beste hainbat azterketek ere erakusten dute euskara hiztunak galtzen ari dela. Batetik, Iñaki Iurrebasok ondutako Hizkuntza gutxituen jarraipena, ordezkapena eta indarberritzea neurtzeko demolinguistikazko tresna metodologikoak garatzen. Euskal Herrirako aplikazio praktikoa doktore tesia mugarria izan da soziolinguistikan: hark ondorioztatu du euskararen arnasguneak gero eta urriagoak direla, eta hamar urte barru, apenas egongo dela arnasgune osorik. Azkoitian dagoeneko izan dira aldaketak. "Azkoitia denbora dezentean arnasgune osoa izan da, eta orain, arnasgune erasana da. Euskara nagusi da oraindik, baina nagusitasuna galtzen ari da", dio Irizarrek. Azpeitian ere horixe gertatu dela adierazi du, eta Iurrebasok bizileku duen Errezilgo egoeraz ere ohartarazi du Maxixatzenekoak: "Iurrebasok esana da Errezil oraindik arnasgune osoa dela, baina han ere hasi direla lehen ikusi gabeko gauzak antzematen. Kezkatzeko datua da". Irizar jakitun da arnasgune guztiak bide beretik doazela. Horregatik, euskara elkartearentzat ezinbesteko tresna izango da Iurrebasoren lana Azkoitian egingo duen ikerketarako.
Bestalde, Soziolinguistika Klusterrak hizkuntzen erabileraren kale neurketa gauzatzen du lau urtero, eta azterketa hori ere presente du Maxixatzenek: "Euskararen erabilera 2001 ingurutik etengabe doa beheraka, pixkanaka bada ere". Eta berretsi du Irizarrek: "Inoizko egoerarik onenean gaude, eta eutsi ere ez diogu egiten daukagunari". Soziolinguistika Klusterra aurten ari da neurketa egiten, eta datozen hilabeteetan jakinaraziko dituzten emaitzak ere baliatuko ditu Maxixatzenek bere lanketarako. "Aurreikuspenak ez dira batere onak", aurreratu du Irizarrek.
Lau atal
Euskararen beherakadaren zioa zein den jakiteko, batez ere datu kualitatiboak eskuratu nahi ditu Maxixatzenek, eta horretarako, urrian eta azaroan elkarrizketak egingo dizkie herritarrei. Lau atal izango dituzte galdeketa horiek: batetik, transmisioa aztertuko dute, jakitun baitira euskara etxean transmititzen den kasuetan errazagoa dela euskaraz hitz egiteko ohitura edukitzea; aldiz, etxean erdara jasotzen duenak nekezago egingo du gero euskaraz.
Bestetik, hizkuntzaren erabilera aztertuko dute. "Ez diogu erreparatuko kopuruari, jakin nahi dugu euskara norekin, non eta zertan erabiltzen den". Ildo horretan, erosketetarako gaur egungo joera jarri du euskaltzaleak adibidetzat: "Duela 40 urte Azkoitian denda asko zeuden irekita, eta denda horietan guztietan euskaraz egiteko aukera zegoen. Gaur egun, dagoeneko ez da hala: batetik, dendak ixten ari dira, eta bestetik, jendeak joera du Internetez erosteko. Internetez erosketak egiten dituenak interakzio bakarra gaztelaniaz edo ingelesez du; plataformetan nekez topatuko du euskara. Horrek esan nahi du erosketen esparru oso bat galdu egin dela. Ez da desagertuko den espazio bat, erosketak beti egingo ditugulako, baina orain arte euskaraz egiten genituen, eta orain, geuk egin dugu saltoa hala ez egiteko".
Euskararako gaitasuna ere neurtu nahi dute: "Hizkuntza batean gero eta gaitasun txikiagoa badago, orduan eta zailagoa izango da hizkuntza horretan egitea. Hau da, norbaitek gaztelaniaz adierazkortasun handiagoa badu, berdin du hura nongoa den, gaztelaniaz egingo du. Gure hipotesia da euskararen kalitatea ere dezente ari dela jaisten". Horrekin batera, hizkuntzaren garapena aztertuko dute, eta horretarako 10-12 urte arteko umeei eta 80 urte bitarteko pertsonei egingo dizkiete elkarrizketak. "Ikusi nahi dugu adineko pertsonen euskara gaitasuna nolakoa den, eta hortik beherakoak nola moldatzen diren euskaraz. Gure irudipena da adinean behera egin ahala erdarakada gehiago erabiltzen direla eta erdarara jotzeko joera handiagoa dela".
Maxixatzenek ahalik eta lagin pluralena lortu nahi du ikerketa osatzeko, eta adin, genero zein jatorri ezberdinetako jendearen ahotsa entzun nahi du: "Gure asmoa da euskara ondo dakiten 300 pertsona elkarrizketatzea, eta euskara hain ondo ez dakiten beste 40 lagun; haientzat beste galdetegi bat prestatuko dugu, jakiteko beraiek nola bizi duten euskararen fenomenoa". Datu guztiak jasotakoan, aurretik dituztenekin alderatuko dituzte, eta hala identifikatuko dute arlo bakoitzean zer bilakaera izan duen euskarak, eta aldaketak zerk eragin dituen. Horren arabera zehaztuko dituzte etorkizuneko erronkak, eta herriak hartuko duen bidean ere eragin nahi dute.
Herritarrak animatu ditu elkarteak elkarrizketetan parte hartzera, azpimarratuta galdeketa ez dela azterketa bat: "Ez dago erantzun zuzenik eta okerrik. Norberaren hiztun esperientzia jaso nahi dugu". Parte hartu nahi duenak 675 85 71 11 telefono zenbakira edo maxixatzen@maxixatzen.eus helbide elektronikora mezua idatz dezake.