Urtea amaitu bitartean kultur saio ugari izango dira Baztartxo antzokian, eta herritarrek askotariko ikuskizunez, antzezlanez zein kontzertuez gozatu ahal izango dute. Zehazki, Hauspo bat bihotzari ikuskizuna, Hamelingo txirularia, Sidari, 52 hertz eta 7 urte antzezlanak, Aa aita bakarrizketa saioa, Musu bete urte pailazo emanaldia eta Olatz Salvadorren Zainak eman kontzertua izango dira urtarrilera bitartean; horietara guztietara joateko sarrerak salgai daude dagoeneko, Entradium atari digitalean.
Urriaren 10ean, larunbatez, aurkeztuko dute Hauspo bat bihotzari ikuskizuna. Azkoitian trikitiak izan duen garrantzitik abiatuta, ikuskizunak herri baten arteko lotura emozional eta kulturala jartzen du agerian, eta diziplina desberdinek bat egiten dute bertan, hala nola musikak, panderoak, dantzak, bertsoak, poesiak eta pinturak. Sarrerak hemen eros daitezke, bost eurotan.
Lau antzezlan
Segidan, antzerkiak hartuko du Baztartxoko programazioaren tarte handiena, hurrengo lau asteetan antzezlan bana eskainiko baitute han. Urriaren 17an, Bergarako Bam! taldeak Hamelingo txirularia antzerki musikatua eskainiko du. 1284an Alemaniako Hamelin herrian izandako ezbeharra oinarri duen obra ezaguna taularatuko dute egun horretan, familiei zuzenduta, eta harako sarrerak bost eurotan eros daitezke.
Xake Produkzioak ekoiztetxeak, berriz, Sidari antzezlana eskainiko du urriaren 24an. 30 urteren bueltan dabilen bikote gazte baten istorioa kontatzen du antzezlanak, eta harako sarrerak zortzi eta hamabi euroren artean eros daitezke.
Bestalde, Ados Teatroaren 52 hertz antzezlana ikusteko beta izango da urriaren 31n. Izenburuak azken 35 urteetan Ozeano Bareko hainbat tokitan grabatutako soinu bitxi baten frekuentziari egiten dio erreferentzia, balea urdin baten kantuaren antzekoa. 52 hertz "balea bakartiaren" metafora da gizarte isolamenduaren sinbolo gisa, eta desio ez den bakardadea pairatzen ari diren edo jasan duten pertsonen inguruko ikuspegi poliedrikoa eskaintzen du lanak. Harako sarrerak ere salgai dira, zortzi eta hamabi euro artean.
Oso bestelako antzezlana eskainiko du Vidania taldeak azaroaren 7an: 7 urte. Honako hau du sinopsia: "Hiru gizon eta emakume bat elkartzen dira euren bulegoan lan ordutik kanpo. Laurak hainbat urtez bazkide izan arren, ez da lagunarteko bilera bat. Haien beldurrik handiena egia bihurtu da, ordu batzuk falta dira poliziak bulegotara joan eta lau bazkideak atxilotzeko. Iruzur fiskala da arrazoia. Bilera horretan, haien ondoan, bitartekari bat dago". Hara joateko, sarrerak hemen eskura daitezke, zortzi eta hamabi euro artean.
Ondoren, bakarrizketak hartuko dio lekukoa antzerkiari, Jon Plazaolak Aa aita saioa taularatuko baitu azaroaren 20an, ostiralez. Azken bi urteetan aitatasunak eman diona partekatuko du Plazaolak publikoarekin, eta aitatasunaren aitzakian, "patetismo eta ergelkeria propioaz" aritzeko tartea ere izango du umoregileak. Hamabost euro eta erdian eros daitezke sarrerak, hemen.
Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore pailazoek, berriz, Musu bete urte ikuskizuna taularatuko dute abenduaren 23an, asteazkenez, Baztartxo antzokian. Musuak ardatz dituen istorioa eskainiko dute Euskal Herriko pailazo sonatuek Azkoitian, bi hitzordutan: 16:00etan zein 18:30ean. Baterako zein besterako sarrerak hemen eros daitezke, bost eta zortzi euroren artean.
Azkenik, Olatz Salvadorrek abenduaren 26an eskainiko du kontzertua Baztartxon. Zainak eman (2024, Balaunka) hirugarren albuma aurkeztuko du musikariak Azkoitian, Kataluniako Olivera estudioetan ekoiztu eta grabatutako bere lan "arriskatuena". Sarrerak zortzi eta hamabi euro artean daude salgai, hemen.