Oteiza frontoiak merkataritzaren plaza bilakatu dira

Andoni Elduaien

Azkoitiko 21 saltoki ari dira parte hartzen Herrixen merkatari elkarteak eta udalak elkarrekin prestatu duten II. Merkataritza Festan. Jende ugarik egin du bat eguerditik aurrera tokiko merkataritza sustatzea helburu duen egitasmoarekin. Arratsaldean, hainbat musika emanaldi izango dira. 

Oteiza frontoiak azkoitiarren topaleku, merkataritzaren plaza eta herriaren erakusleiho bilakatu dira gaur, zapatua. Herrixen merkatarien elkarteak eta Azkoitiko Udalak bigarrenez antolatu dute aurten Merkataritza Festa, tokiko merkataritza sustatzea helburu duen egitasmoa, eta eguerdirako jende ugari igaro da Baztarrikaldeko pilotaleku horien bueltan dauden dozenaka postuetatik. Gauera bitartean, saltokien, denden, tabernen eta artisauen eskaintzak ezagutzeko aukera izango dute azkoitiarrek, hainbat musikarik lagunduta.

21 saltoki ari dira gaurko hitzorduan parte hartzen: Aingeru loradenda, Aizterri Home, Arrospide, Beatriz Pozo, Eguzki belardenda, Etxaniz autoeskola, Ibargoi, Karla Nails, Kiribil, Lujan, Liroa fisioterapia, Naroa Valor estudioa, NK ileapaindegia, Noah, Bittor harategia, Itziar arrandegia, Makibar, Odriozola Ardoak, Orbela, Ttakun eta Zurt. Izen horiek guztietatik hemeretzik jarri dituzte postuak, eta gainerako biak kolaboratzaile lanak ari dira egiten.

Merkataritza festa, oinarrian, azoka bat da, eta hori horrela izanik, askotariko eskaintzak egiten ari dira merkatariak herritarrei. Moda-modako arropa, oinetakoak eta osagarriak ikus daitezke postuetan, baita ongizateari zein estetikari lotutako postuak eta zerbitzuak ere. Dena den, jan-edanerako postuak ere aurki daitezke han. 

Gaurko merkataritza festa musikariek lagunduta ari dira egiten. Eguerdian, Munizzio DJak girotu du Baztarrikaldea, baina arratsaldean hitzordu gehiago izango dira: 16:00etan, Ainhoa Urteaga igoko da oholtzara; 17:30ean, Ur taldea; eta 19:30ean, Albi eta Murxi DJak. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide