Gaixotasun neurodegeneratiboak dituzten pertsonen zaintzaileek izan ohi dituzten emozioen inguruko hitzaldia antolatu zuen Azkoitiko Babes Sareak atzorako, eta Elkargunean elkartu ziren 40 bat lagunek Iraia Agirregabiria Matia fundazioko psikologoaren azalpenak jaso zituzten. Hain zuzen, zaintzailea bera ere erdigunean jartzearen beharra azpimarratu zuen psikologoak; hau da, zaintzaileak bere buruarekin pentsatzen hasteko unea dela adierazi zuen hark, zaindua ondo egon dadin, zaintzaileak ere hala egon behar duelako.
Zaintzaileek senti ohi dituzten emozioetan ere jarri zuen arreta Agirregabiriak, eta besteak beste, amorrua, haserrea, dolua, tristura... aipatu zituen. Halakoetan, nagusiki emozio negatiboak gailentzen diren arren, positiboak ere egoten direla gaineratu zuen; esaterako, prozesuaren laztasuna albo batera utzi gabe, gaixoak maitasuna adierazteko joera har dezakeela esan zuen hark.
