Anaitasuna futbol taldeak larunbatean ekingo dio Espainiako Errege Kopako atariko kanporaketari. Gorritxoek Tedeon talde errioxarra hartuko dute Txerloian, 18:00etan, eta Navarreteko taldearen aurkako norgehiagoka horrekin hasiko da joan-etorriko bi partidako kanporaketa. Itzulerakoa urriaren 3an jokatuko dute, ordu berean, Navarreteko San Migel zelaian.
Loren Barbadoren taldeak ilusioz eta gogoz ekingo dio hitzordu bereziari, baina entrenatzaileak aitortu du oraindik ez daudela denboraldiko unerik onenean. "Denboraldia hasi berri dugu. Denbora gutxi daramagu oraindik entrenatzen, ligan bi partida bakarrik jokatu ditugulako, eta sentitzen dugu ez gaudela oraindik gure onenean", azaldu du. Hala ere, Kopako kanporaketa "aukera ona" dela uste du Anaitasuna bere mailara hurbiltzeko.
Taldearen egoerari dagokionez, Ekai eta Aritz Albizuri jokalariek min hartuta jarraitzen dute, eta bien parte hartzea zalantzan dago. Barbadoren arabera, astean zehar ikusi beharko da bien bilakaera, baina "zail" izango dute larunbateko partidan zelairatzea.
Kanporaketa orekatua
Anaitasunaren entrenatzaileak kanporaketa "oso orekatua" espero du, nahiz eta Tedeonen inguruko informazio handirik ez duten. Izan ere, ez dute aurkaria zuzenean ikusteko aukerarik izan. Horren aurrean, gorritxoen helburua azken bi urteetan egin duten jokoari eustea izango da, eta partidak hartzen duen norabidearen arabera egokitzeko gaitasuna izatea.
Joanekoa etxean jokatzeak konfiantza ematen dio Barbadori, baina horrek ez du taldearen planteamendua gehiegi aldatuko. "Gu geu izaten saiatuko gara", azaldu du entrenatzaileak. Hala ere, bi partidako kanporaketa izanik, larunbateko norgehiagokan gertatzen den guztia itzulerako partidari begira ere kontuan hartu beharko dutela dio.
Anaitasunak aurreko denboraldian Gipuzkoako Ohorezko Mailan bigarren postua lortu zuen, eta sailkapen horri esker eskuratu zuen Errege Koparen atariko kanporaketa jokatzeko eskubidea. Orain, bi partidako kanporaketa gaindituz gero, sari handia izango du zain: Espainiako Lehen Mailako talde baten aurka jokatzeko aukera, eta gainera, etxean, Txerloian.
Sari potoloa jokoan
Barbadoren esanetan, Lehen Mailako talde baten aurka jokatzeko aukera izatea "handia" litzateke, baina entrenatzaileak argi du oraingoz Tedeonen aurkako bi partidetan jarri behar dutela arreta. "Momenturen batean pentsatu dugu sari horretan, baina aurretik garrantzitsua da kanporaketako bi partidak ongi jokatzea, horietan zentratzea eta gure onena ematea, sarian gehiegi pentsatu gabe".
Entrenatzailearen ustez, larunbatekoa ez da zama edo erantzukizun gisa hartu behar. “Iaz egindako lan guztiaren ondorioz lortu dugu kanporaketa jokatzeko eskubidea”, gogorarazi du. Orain, helburua beste pauso bat ematea da, “etor daitekeen sari potolo horren bila joateko” eskubidea lortzea.
Horretarako, Txerloia betetzea ere nahi du Anaitasunak. Klubak zaleak larunbateko partidara joatera animatu ditu, taldeari babesa emateko eta Kopako hitzordua giro onean bizitzeko. Sarrerak 10 euro balioko du; bazkideek eta 18 urtetik beherakoek, berriz, doan sartu ahal izango dute.
Bestalde, klubak jakinarazi du Arretalekua zabalik izango dela gaur, osteguna, 18:00etatik 19:00etara, bazkideek denboraldi honetako bazkide txartelak jaso ahal izan ditzaten.
Barbadok ere zaleen babesa eskatu du. Larunbatean Txerloira gerturatzeko, partidaz gozatzeko eta taldearekin konektatzeko eskatu die. “Txerloia da gure gotorlekua” gogorarazi du, eta orain arte taldea jarraitu ez duten zale berriak ere erakartzea espero du.
Anaitasunak, beraz, ilusioz baina presiorik gabe ekingo dio Kopako abenturari. Lehen helburua argia da: Tedeonen aurkako bi partidak ongi jokatzea eta kanporaketa gainditzeko aukera zabalik uztea. Horren ondoren etorriko litzateke saria: Lehen Mailako talde bat Txerloian hartzeko aukera.