Herrixen merkatarien elkarteak eta Azkoitiko Udalak tokiko merkataritza sustatzeko jaia antolatu dute bigarrenez datorren larunbaterako, eta duela bi urte egindako aurreneko aldian bezala, herriko saltoki txikiak, ostalaritza nahiz zerbitzuak "indarrean" jarriko dituzte bigarren Merkataritza Festan, haiei "merezitako balioa" eman nahian. Hori hala, 12:00etatik gauera bitartean, denda, taberna eta artisauen eskaintzaz eta hainbat musika emanaldiz gozatzeko aukera izango da Oteiza frontoietan.
Herrixenek azaldu duenez, tokiko merkataritzak eskaintzen duen balio erantsia "festa giroan" plazaratu nahi dute egitasmoaren bidez, eta horretarako, hainbat postu kalera aterako dituzte, ohiko bezeroekin eta herritar ororekin "egun berezi bat" ospatzeko. Zehazki, 21 saltokik parte hartuko dute, eta horietatik hemeretzik jarriko dituzte postuak –beste biak kolaboratzaileak izango dira–. Azoka horretan, "denetariko" eskaintzak izango dituzte aukeran herritarrek, hala nola modaren, oinetakoen eta osagarrien ingurukoak. Horiez gain, ongizateari zein estetikari lotutako postuak eta zerbitzuak ere ikusi ahal izango dituzte. Era berean, jan-edanerako guneak ere izango dira; ardo dastaketa eta guzti, antolatzaileek aurreratu dutenez.
Zehazki, honako saltoki hauek parte hartuko dute II. Merkataritza Festan: Aingeru loradenda, Aizterri Home, Arrospide, Beatriz Pozo, Eguzki belardenda, Etxaniz autoeskola, Ibargoi, Karla Nails, Kiribil, Lujan, Liroa fisioterapia, Naroa Valor estudioa, NK ileapaindegia, Noah, Bittor harategia, Itziar arrandegia, Makibar, Odriozola Ardoak, Orbela, Ttakun eta Zurt.
Musikaren erritmora
Lehenengo edizioaren egitarau antzekoa izango du bigarrenak ere, eta Oteiza frontoietan elkartzen direnek zuzeneko musika emanaldiekin gozatzeko aukera izango dute. Izan ere, antolatzaileek azaldu dute herriko eta inguruko artistei aukera ematea ere badela beren asmoa. Hala, gustu guztiei erantzun nahian eta eguneko momentu bakoitzaren arabera antolatuta, askotariko musika proposamenak izango dira gauera bitartean: "Azkoitiko disko jartzaileak, musika lasaia eta goxoa eskainiko digun bakarlari bat, eta rocka, soula eta funka uztartzen dituen talde bat izango ditugu, denok dantzan jartzeko prest". Hain zuzen, Munizzio (12:30), Ainhoa Urteaga (16:00), Ur (17:30) zein Albi eta Murxi (19:30) izango dira musika saioak eskainiko dituztenak.
Antolatzaileek jakin badakite egitasmoen aurreneko aldiak beti izaten direla berrikuntza eta "kuriositatea" pizten dutela, eta horregatik, duela bi urteko edizioa "ikaragarri ederra" izan zela gogoratzen dute: "Hasieratik amaierara arte, herritar ugari elkartu zen Oteiza frontoietan, eta giroa paregabea izan zen". Hori horrela, aurtengo festa ere ordukoa bezalakoa izatea espero dute: "Mimoz eta ilusioz prestatu dugu eguna, eta espero dugu bertaratzen direnek ere horrela sentituko dutela".