Azkoitiko oroimenen pasealeku bihurtu dute Portaleburu aretoa

Andoni Elduaien

Atzo ireki zuten Ttipi-Ttapa atletismo taldeak eta udalak alzheimerraren gaiari ikusgarritasuna ematea xede duen erakusketa, Portaleburun. Urriaren 3ra bitartean egunero zabalduko dute herriko plazan dagoen aretoa. 

Alzheimerraren Nazioarteko Eguna izan zen atzo, eta Ttipi-Ttapa atletismo taldekoek eta udalak egun hori baliatu zuten aurtengo lasterketa solidarioa ardaztuko duen alzheimerraren gaiari ikusgarritasuna emango dion erakusketa zabaltzeko. Urriaren 3an, larunbatez, egingo dute seigarrenez lasterketa solidarioa, eta aurten, alzheimerraren ikerkuntzan jarriko dute begirada, egitasmoari esker bildutako diru guztia Cita Alzheimer fundazioari emango diote eta. 

Erakusketak Azkoitiaren memorian barrena murgiltzeko aukera eskainiko die bisitariei; izan ere, herriko lekuekin, jendearekin eta istorioekin memorian barrenera bidaia egiteko ibilbidea aurkeztu zuten atzo Ttipi-Ttapak eta udalak. Guztira, hamar geldialdi egin ahal izango dira Portaleburun, duela urte batzuetako Azkoitia nola zen, azkoitiarrak nola bizi ziren eta herritar horiek nor izan ziren gogoratzeko. Era berean, Cita Alzheimer fundazioaren egitekoa zein den aurkezten duten panelak ere ikus daitezke aretoan, haurrentzako jolas interaktiboen gune batekin batera. 

Urriaren 3ko egun handira bitartean zabalduko ditu ateak Portaleburu aretoak. Asteartetik ostegunera bitartean, 10:30etik 12:30era eta 17:30etik 19:30era artean; ostiraletan, 18:00etatik 20:00etara bitartean; larunbatetan, 12:00etatik 14:00etara nahiz 18:00etatik 20:00etara; eta igandeetan, 12:00etatik 14:00etara. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide