Espainiako gerrak iraun zuen bitartean Gipuzkoan izan ziren borrokalari internazionalisten presentzia eta egitekoa ikertu dituzte Aitzol Arroyo ikerlariak eta Aitor Azurki kazetariak, eta Azkoitian izango dira biak datorren ostegunean, Estera Zilberberg Estoucha. Boluntario internazionalistak Azkoitian (1936) izeneko hitzaldia ematen, 18:30ean, Elkargunean.
Azkoitiko Udaleko Berdintasun sailak antolatu du solasaldia, eta haren hitzetan, dokumentatuta dago Estera Zilberberg Estoucha boluntario internazionalista Azkoitian izan zela 36ko gerraren hasieran. Izan ere, Belgikako gazte antifaxistek boluntarioak bidaltzea erabaki zuten faxistei aurre egiteko, eta horietako bat izan zen Zilberberg. Udalaren arabera, Polonian jaioa, judua eta komunista zen, eta 1936ko abuztuan Hendaiara (Lapurdi) iritsi zen.
Udalaren hitzetan, Durangoko bonbardaketaren lekuko izan zen, Legutioko batailan zauritua izan zen. "[Espainiako] Estatu mailan, metrailadorea erabili zuten bi emakumeetako bat izan zen”, egin du zehaztapena. Erizain gisa egiten zuen lan, eta Mujeres astekarian idazten zuen Juanita Lefevre ezizenarekin. Errepublikazaleekin kolaboratzen zuten Errusiako aholkulari militarren itzultzaile gisa ere ibili zen; hain zuzen, errusiarrek Frantziara bidali zuten identitate faltsuarekin, baina torturatua eta atxilotua izan zen. Handik, Alemaniako Ravensbruck eta Austriako Mauthauseneko kontzentrazio esparruetara deportatu zuten. Askatu zutenean, Frantzian bizi izan zen hil arte.
Udalak azpimarratu du "helduleku askoko bizitza" dela Zilberbergena, eta osteguneko hitzaldian, hark idatzitako pasarteak, haren dokumentazioa eta hari buruzko testigantzak azalduko dituzte.