Elkartasunak eta kulturartekotasunak bat egin dute gaur Azkoitiko plazan, Azkoitiko Udalak antolatutako bi egitasmorekin: batetik, nazioartean lan egiten gobernuz kanpoko erakundeek beren lanaren berri emateko postuak jarri dituzte Garapenean Bidelagun azokarekin; eta bestetik, munduko hainbat ertzetatik etorritako pertsonek ere beste hainbat postu jarri dituzte, Kulturarteko Jaia ospatuz.
Ohiko osagai nagusiekin gauzatu dute Kulturarteko Jaia: ohiko moduan, komunitate desberdinen topagunea izan da egitasmoa, eta besteak beste, venezuelarrak, mexikarrak, mendebaldeko sahararrak, marokoarrak zein Afrikako beste hainbat herrialdetako kideak elkartu dira plazaren bueltan. Horiek guztiek beren jaioterriko jakiak prestatu dituzte, eta ohiko moduan, asko izan dira horiek probatzera joan direnak. Horrez gain, Afrikako dantzen emanaldia izan da, eta aurrenekoz, Marokoko ezkontza jantzien desfilea ere gauzatu dute.
Bestalde, Azkoitiko Udalak diruz laguntzen dituen gobernuz kanpoko honako erakunde hauek osatu dute plazan bertan jarri duten azoka: Darahli Elkartea, Lumaltik Herriak, Munduko Begiak, Mundu Solidarioa Helburu, Acoes, Gazteak eta Garapena, Salvador Elkartasuna eta Behar Bidasoa.