Jaialdi gogoangarria eskaini du Sahatsak goraino betetako plazan

Ane Olaizola

50. urteurrenaren harira prestatutako 'Sahatsa 50' jaialdia aurkeztu zuten hango 70 bat dantzarik atzo Azkoitiko plazan. Ikusmin handia piztu zuen emanaldiak, eta txalo zaparrada artean erakutsi zuten dantzariek beren talentua. 

Mende erdiko urteurrenaren ospakizun betean jarraitzen dute Sahatsa dantza taldeko kideek, eta beste behin, herritarrekin partekatu nahi izan dute urtemuga borobila. Sahatsa 50 jaialdia prestatu du taldeak, eta Azkoitiko plazan aurkeztu zuten atzo arratsaldean. Ikusmin handia eragin zuen jaialdiak, asko eta asko izan baitziren dantzarien talentua bertatik bertara ikustera gerturatu zirenak; dantzariek, berriz, emanaldi gogoangarria eskaini zuten haien guztien aurrean, eta txalo zaparra ederrak jaso zituzten bueltan. 

Egungo taldekideez zein lehen ibilitakoez osatutako 70 laguneko taldeak taularatu zuen jaialdia, eta Euskal Herriko askotariko dantzak eskaini zituzten. Hain zuzen ere, Gipuzkoako, Nafarroako, Lapurdiko eta Nafarroa Behereko dantzak taularatu zituzten ordubete pasatxo iraun zuen saioan. 

Hurrena, Azpeitian

Urte betea ari da izaten Sahatsarentzat, urteurrenaren aitzakian beste hainbat emanaldi ere eskaini baititu azken hilabeteetan Azkoitian zein Azpeitian. Hori hala, atzoko jaialdia ere berriz eskainiko dute dantzariek datorren larunbatean, Azpeitiko plazan. 

Horrez gain, joan zen ostiralean Ezpata dantzariak argazki erakusketa zabaldu zuen Azpeitiko Betharram aretoan, eta hilaren 27ra bitartean hara joaten direnek ezpata dantza oinarri duten irudiak ikusteko aukera izango dute.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide