Marie-Bernadette Dufourcet EAEren Adiskide Numerario izendatu dute

Ane Olaizola

Baldeon, Berriotxoa eta Dufourcet, gaur, Intsaustiko ekitaldian. (Ane Olaizola)

Organista baionarrak bere sarrera ikasgaia aurkeztu du Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Intsausti jauregian egin duen ekitaldian, eta elkarteak diploma eta domina eman dizkio Adiskide Numerario berriari. 

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak ekitaldia egin du eguerdian Intsausti jauregian, eta Marie-Bernadette Dufourcet organista baionarra hango Adiskide Numerario izendatu dute. Pedro Berriotxoa Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Gipuzkoako lehendakariaren mintzaldiaren ondoren aurkeztu du Dufourcetek bera sarrera ikasgaia: La ofrenda de libros del conde de Peñaflorida a la Real Academia de Burdeos (1763): un acto de fé.

Haren ondotik, Amelia Baldeon Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Adiskide Numerarioak itxi du ekitaldia, eta tartean, Ignacio Arakistain musikariak hainbat pieza eskaini ditu hango pianofortearekin. Dufourceti elkartearen diploma eta domina emanda amaitu dute ekitaldia, Agur Jaunak kantatuz. 

Dufourcet Bordele Montaigne Unibertsitateko Artes zentroko katedradun emeritua da. Era berean, doktorea da musikologian, eta Parisko Goi Mailako Kontserbatorioko organista titulua ere badu. Nazioarteko hainbat kongresu zuzendu ditu Dufourcetek, eta XVI. eta XVIII. mendeen arteko Frantziako eta Espainiako gorteetako organoari eta musikari lotutako artikuluak eta liburuak argitaratu ditu. Era berean, aurrez ere Azkoitian izandakoa da Cavaille-Coll organoak kontzertu bat edo beste ematen. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide