Azkoitiko Irakurle Taldeak etzi du sasoi berriko lehen hitzordua

Andoni Elduaien

Irakurle Taldearen bilkura bat, Elkargunean. (Utzitakoa)

Udako etenaren ondoren, asteartean egingo du taldeak ikasturte berriko aurreneko saioa. Elkarguneko Oteiza aretoan elkartuko dira, 19:00etan. 'Terraza debekatua. Haremeko neskato baten istorioak' liburuaz hitz egingo dute.

Azkoitiko Irakurle Taldeak asteartean egingo du uda osteko lehen saioa. Ohi bezala, Elkarguneko Oteiza aretoan elkartuko dira talde horren bueltan elkartzen diren herritarrak, eta oporren aurretik aurreratu bezala, Fatima Mernissik idatzi eta Edurne Lazkanok euskaratutako Terraza debekatua. Haremeko neskato baten istorioak liburuaz hitz egingo dute.

19:00etarako jarri dute hitzordua, eta beste urte batez ere, Iñigo Aranbarri idazle eta dinamizatzaile azkoitiarra arduratuko da saioa gidatzeaz. Guztien artean aletuko dute 2025ean kaleratutako liburu hori. Haur baten begiradatik idatzia, liburu horrek 1940ko hamarkadako Fez hiriko (Maroko) etxe tradizional baten barrura darama irakurlea, kolonialismo frantsesaren testuinguruan. Kontakizunaren ardatza Fatima izeneko neskatila baten egunerokoa da.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide