Bakerako eta justiziarako erantzunak eskatu ditu Isilune Zirkuluak

Andoni Elduaien

Atzo egin zuten Isilune Zirkulukoek ikasturteko lehen elkarretaratzea, plazan. (Isilune Zirkulua)

Gezurrek eta diskurtso xenofoboek "tentsio soziala" elikatzen dutela eta, Azkoitiko Parrokiako taldeak pertsona migranteenganako duintasuna eskatu zuen atzo arratsaldean plazan egindako elkarretaratzean. 

Azkoitiko Isilune Zirkulua atzo, osteguna, itzuli zen plazara, udako etena eta gero. Hilaren hirugarren ostegunetan egiten ditu talde horrek bilkurak herriko plazan, 20:00etan hasita, eta atzokoa, Azkoitiko Parrokiak deituta egin zuten. Ceuta, migrazio krisiaren ispilu lelopean, Ceutan (Espainia) gertatzen ari dena gogoan dutela aldarrikatu zuten. 

"Badakigu migrazioaren eta migratzaileen egoera konplexua dela, guztiz korapilatutako arazo handiak daudela. Dena den, arazo horien muinean eta oinarrian ahaztu ezinezkoak diren baloreak daudela ohartarazi eta defendatu nahi dugu. Ceutan krisi humanitario larri batekin aurkitzen gara; Ceutan bizi direnen eta migranteen sufrimena agerikoa da. Harrigarria da, nola bihurtu dugun horren erraz besteen sufrimendua kontsumitzen dugun albiste", esan zuten. Era berean, krisi humanitario horren aurrean "gizatasun falta" eta "manipulazio politikoa" sumatzen dituzte Azkoitiko Parrokiakoek. "Gezurrek eta diskurtso xenofoboek tentsio soziala elikatzen dute. Egoera bakoitza interes politikoen zerbitzuan erabiltzen da, eta ondorioz, agresibitatea eta gorrotoa dira emaitza". 

Azkoitiko Parrokiakoek esan zuten migrazioak arazoak sortzeak ez duela esan nahi arazo horiek pertsona migranteek eragindakoak direnik. "Migratzaileak ez dira zenbaki soilak, ez dira estatistikak, ez dira 'besteak', inbaditzaileak edota kanpotarrak. Pertsonak dira eta pertsonek berezkoa dute duintasuna. Ez datoz bakarrik gure laguntzak jasotzera, lanera eta gure ekonomian ekarpena egitera datoz. Batzuetan, askori ulertzea zaila egin arren, migratzea da pertsona horiei geratzen zaien aukera bakarra", azaldu zuten. Gainera, migratzaileen arteko sektore "ahulena" adin txikikoek osatzen dutela azpimarratu zuten, eta atzerritik iritsitako nahiz babesik ez duten adin txikiko horiek "babesa, harrera ona, errespetua eta zaintza" behar dituztela aldarrikatu. 

Halaber, gogorarazi zuten migrazioak "lehen ere" izan zirela, eta "beti" egongo direla. "Migratzaileen bazterketak ez du kontuan hartzen zenbait pertsona goseari edota gerrari ihesean ari direla; ez du kontuan hartzen pertsonak direla eta bizitza berri bat eraikitzeko eskubidea dutela", esan zuten. Horren aurrean, parrokiako taldeak gaineratu zuen "harrera onak" eta "solidaritatearen begiradak" eman behar dituela bakerako eta justiziarako erantzunak.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide