Gaurdanik zabalik da urriaren 17an Azkoitian jokatuko den I. Puzzle Txapelketarako izen emate epea

Andoni Elduaien

Pertsona bat puzzle bat osatzen. (Unplash)

Bananako eta binakako probak jokatuko dituzte egun horretan Azkoitiko Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. Guztira, 500 piezako puzzleak osatu beharko dituzte parte hartzaileek, eta sariak banatuko dituzte horiek azkarren egiten dituztenen artean. 

Azkoitiko I. Puzzle Txapelketa jokatuko dute urriaren 17an, larunbatez, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. Espainiako Puzzle Elkarteak antolatuta eta udalak zein Educa Borras enpresak lagunduta, banakako nahiz binakako txapelketak jokatuko dituzte egun horretan Azkoitian, eta gaurdanik zabalik da hitzordu horretan parte hartzeko izen emate epea.

Bai banakako modalitatean, bai binakakoan, 500 piezako puzzleak osatu beharko dituzte parte hartzaileek. Goizean, 11:00etan hasita, jokatuko dute banakako txapelketa, eta partaideek bi ordu eta erdi izango dituzte puzzlea osatzeko. Pieza lehena egiten duenak irabaziko du txapelketa. Arratsaldean, berriz, binakako txapelketa jokatuko dute, 17:00etan hasita. Binakako proban bi ordu izango dituzte parte hartzaileek puzzlea osatzeko.

Izen ematea gaur zabaldu dute antolatzaileek. Espainiako Puzzle Elkartearen webgunean eman beharko da izena bi modalitateetan aritzeko; banakako probarako 15 euro ordaindu beharko da, eta binakakorako, 20 euro. Dena den, Espainiako Puzzle Elkarteko bazkideek 5 euroko deskontua izango dute, baita Azkoitiko bizilagun guztiek ere.

Sailkapen orokorreko lehen hiru sailkatuei eta herriko lehen hirurei banatuko dizkiete sariak. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide