Mangaixue mendi bizikleta martxa jokatuko dute etzi, Azkoitian. Martxa horrek zortzigarren aldia beteko du aurten, eta ohi bezala, bizikleta eta natura zale ugari bilduko ditu hitzorduak. Bizikleta gaineko ibilaldia Plazaberritik abiatu beharko dute parte hartzaileek 15:15ean, eta horiek bi ibilbideren artean egin beharko dute hautua: luzea –33 kilometro eta 1.500 metroko desnibel positiboa– edo motza –25 kilometro eta 1.100 metroko desnibel positiboa–.
Antolatzaileen datuen arabera, 100 lagun inguruk eman dute izena larunbaterako. "Aurreko urteetan, herritik kanpoko jende gutxiagok parte hartu izan du mendi martxan, baina aurtengorako Gipuzkoako nahiz Bizkaiko zenbait herritako lagunek eman dute izena". Era berean, antolatzaileek esan dute Azkoitikoek eta ingurukoek mendi martxaren egunean bertan eman ohi dutela izena, eta horregatik, parte hartze handiagoa espero dute; 25 euro ordaindu behar da izen ematea.
Adin mugarik ez dute zehaztu antolatzaileek etziko mendi bizikleta martxarako. Dena den, 18 urtetik beherako herritarrek heldu baten baimena izan beharko dute mendi martxa egiteko; azken horiek, gainera, baimen orria sinatuta aurkeztu beharko dute egunean bertan. Ohiko mendi bizikletaz gain, partaideek eBike motako bizikletekin ere osatu ahal izango dute ibilbidea. Behin proba amaituta, antolatzaileek zozketak-eta egingo dituzte parte hartzaile guztien artean.