Ttipi-Ttapa taldeak eta Azkoitiko Udalak Lasterketa Solidarioa prestatu dute seigarrenez Azkoitian, eta oraingo honetan, alzheimerraren ikerkuntzan jarriko dute alea, egitasmoari esker bildutako diru guztia Cita Alzheimer fundazioari emango baitiote. Aurten, urriaren 3an izango da bi urtero egiten den Lasterketa Solidarioa, baina horri lotutako ekimen gehiago izango dira aurretik, eta irailaren 21ean hasiko dira; Alzheimerraren Nazioarteko Egunean, hain justu.
Antolatzaileek gogoratu dute garunaren gaixotasun neurodegeneratiboa dela alzheimerra, eta dementzia kasu gehiengoaren oinarria ere badela. "Gaixotasun honen ondorioz, garuneko neurona batzuk hondatzen eta hiltzen hasten dira, kalte kognitibo progresiboa eraginez. Sintoma nagusia hurbileko oroimenaren galera izan ohi da. Jatorri biologikoa duen gaitza da, izan ere garuneko proteina jakin batzuk era ezohikoan metatzen direlako gertatzen da", azaldu du Ttipi-Ttapako bozeramaile Nekane Zalbidek.
Hori hala, fundazioak alzheimerraren inguruko terapian, sentsibilizazioan eta ikerketan lana egiten jarrai dezan jasoko du hark dirua. Ttipi-Ttapak aurkeztu duenez, fundazioa ikerketa eta terapia aurreratuko zentro bat da, askotariko diziplinak jorratzen dituzten profesionalek osatuta; "alzheimerrari aurre egiteko talde bezala definitzen dute beren burua".
Lau zutabe
Herritarrak gaitz horrekiko sentsibiliza daitezen gauzatuko dute aurten Lasterketa Solidarioa, eta lau zutabetan banatu dute antolatzaileek: batetik, gaiaz kontzientzia hartzeko erakusketa zabalduko dute astelehenean Portaleburun. Alzheimerraren Nazioarteko Egunaren harira zabalduko dute egun horretan erakusketa, eta 17:30ean izango da inaugurazioa. Ondoren, egunero zabalduko dute, urriaren 3ra bitartean: ostegunera bitartean 10:30etik 12:20era eta 17:30etik 19:30era artean; ostiraletan, 18:00etatik 20:00etara bitartean; larunbatetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara; eta igandetan, 12:00etatik 14:00etara.
Horrez gain, Azkoitiko ikasleekin sentsibilizazio jarduerak egingo dituzte, eta ekintza horiek eskutik joango dira erakusketarekin. Hirugarren zutabea, berriz, honakoa da: Ane Iriondo neurobiologian doktoreak eta Carolina Lopez neuropsikologian doktoreak eskainiko duten Alzheimerra gertutik: prebentzioa, ikerketa eta etorkizuna hitzaldia; urriak 1ean, ostegunez, izango da solasaldi hori, 18:00etan, Elkarguneko Oteiza aretoan.
Azkenik, lasterkaren eguna izango da urriaren 3, eta aurreko edizioetako parte hartzea zein ekarpen ekonomikoa gainditzea izango du helburu; azkenengoz, 13.500 euro lortu zituzten Ademgi elkartearen alde —orain arte, Katxalin elkartea, Aspanogi, Marea Urdina, Biodonostia, eta Ademgi izan dira onuradunak—.
Era berean, berrikuntzaz betetako lasterketa izango dela aurreratu dute antolatzaileek, eta horietako bat izango da 0 dortsala. Inork ekarpen ekonomikoa egin baina lasterketan parte hartuko ez badu, dortsal hori jasoko du hark. Izena ematerakoan zehaztu beharko da hori.
Aurreko aldietan bezala, bi lasterketa egongo dira: haurren lasterketa HHtik LH6. mailara arteko ikasleek egin ahal izango dute, eta adinaren arabera, 400 metrotik 1.200 metro arterako distantzia egingo dute oinez edo korrika. 17:00etan hasiko da umeen lasterketa, eta ordubete beranduago, helduena. 13 urtetik aurrekoek parte hartu ahal izango dute han, eta lau kilometroko ibilbidea egingo dute herrian zehar, oinez edo korrika.
Zehazki, honako hau izango da urriaren 3ko Lasterketa Solidarioaren egitaraua:
- 10:00-16:00: dortsal banaketa, Kontzejupean.
- 10:00-13:00: Marea Urdinaren laguntzarekin, haurrentzako jolasak plazan.
- 12:00: trikitilarien kalejira.
- 16:30: Disko jartzaileen animazioa.
- 17:00: umeen lasterketak.
- 18:00: helduen lasterketa.
- 19:00: zozketak eta jaiaren itxiera. Saria jasotzeko bertan egon behar da.
Izen ematea, larunbatetik
Salmentari dagokionez, dortsala eta txapa bost eurotan salduko dizkiete umeei, eta kamiseta nahi duenak, 12 euro ordaindu beharko ditu guztira. Egunean bertan izena emanez gero, berriz, hiru euro gehiago ordaindu beharko da. Helduen kasuan, dortsala eta kamiseta 15 eurotan salduko dituzte aurrez, eta egunean, 20 eurotan.
Izena emateko egunak ere zehaztu dituzte: datorren larunbatean eta hilaren 26an eliz atarian egongo dira 11:00etatik 13:00etara, eta euria eginez gero, Portaleburu aurrean jarriko dute mahaia. Irailaren 22an, 24an, 29an eta urriaren 1ean, berriz, Portaleburun egongo dira, 17:00etatik 19:30era artean. Internet bidez ere egongo da izena emateko aukera, azkoitia.eus atarian.
Ikerketa, ardatz
Cita Alzheimerreko kide Kristina Uribetxeberriak azaldu duenez, duela ia hemezortzi urte sortu zen fundazio hori, helburu argi batekin: "Alzheimerrari eta bestelako dementziei buruz gehiago jakitea, ezagutza sortzea eta ezagutza hori pertsonen eta familien bizi kalitatea hobetzeko erabiltzea". Nagusiki, ikerketaren alorrean egin du lanik handiena Cita Alzheimerrek, eta oraindik orain, hori da bere jarduera nagusia, Uribetxeberriak adierazi duenez. Era berean, diagnostiko goiztiarra egiten du, arreta espezializatua eskaintzen du, eta prebentzioari dagokionez, narriadura kognitiboa garatzeko arriskuan daudenekin ere lan egiten du; alzheimerra eta dementzia duten pertsonekin, eta baita haien ingurukoekin ere.
Era berean, sortzen duten ezagutza eguneroko bizitzara eramatea ere badu xede fundazioak, eta horretarako, besteak beste, hainbat zerbitzu garatu dituzte.
Uribetxeberriaren hitzetan, "une garrantzitsu batean" da gizartea. Izan ere, biztanleria zahartzen ari dela gogoratu du, eta erronkak handitu egin dira ildo horretan. "Diagnostikoan eta tratamendu berrietan aurrerapauso handiak egiten ari gara gaur egun, eta horrek itxaropena ematen du, baina bitartean gauza asko egin ditzakegu: adibidez, herritarrak sentsibilizatzea, gizartearen kontzientziatzea eta hobeto zaintzen ikastea; bai profesionalak, bai komunitate guztiak". Testuinguru horretan, Azkoitian antolatutako egitasmoak "balio berezia" du Cita Alzheimerrentzat. "Alzheimerraz modu hurbilean hitz egiteko eta zalantzak argitzeko aukera da honakoa, baita prebentzioaren, ikerketaren eta arreta espezializatuaren garrantzia zabaltzeko ere; baina batez, ere herritarren artean sentsibilizazioa sustatzeko egitasmoa da".
Igor Izuskiza Kirol zinegotziak, bestalde, azpimarratu du "herri solidarioa" dela Azkoitia, eta horren erakusgarritzat ditu azken urteetan lasterketak izan duen harrera. Aurten ere herritar oro animatu ditu hark Ttipi-Ttapak sortu duen "olatu erraldoian" parte hartzera.