Anaitasuna mendi bazkunak espeleologia irteera antolatu du urriaren 3rako, eta dagoeneko eman daiteke hitzorduan parte hartzeko izena. Asparrenako (Araba) Leze haitzuloan egingo dute jarduera egun horretan; bost eta zazpi ordu bitartean emango dituzte espeleologia egiten. Antolatzaileek esan dutenez, zailtasun ertaineko jarduera izango da.
Irailaren 25era bitartean eman ahal izango da irteerarako izena, honako lotura honetan. Anaitasunako bazkideek 85 euro ordaindu beharko dute, eta gainerakoek, 95 euro. Prezio horren barruan sartzen dira Asparrenara autobusez joan-etorria, asegurua eta jarduera gauzatzeko beharrezkoa den materiala.
Urriaren 3an 07:30ean aterako da autobusa Azkoitiko Aizkibel liburutegiaren ondoko geltokitik Arabako haitzulora. Behin jarduera gauzatuta –14:00-15:30 inguruan bukatzea aurreikusten dute– itzuliko da autobusa Azkoitira, 15:00etatik 16:30era bitartean.