Duela hamar urtetik Euskal Herrian bizi da Rafa Furnier (Ceuta, Espainia, 1977), eta hiru urte daramatza Azkoitian lanean. Azken asteak jaioterriari, Ceutari, arduraz begira daramatza. "Kezka handiz" bizi du hango migrazio krisia, zeinak Espainiako Estatu osoa astindu duen. Haren arabera, afera "politizatzen eta kutsatzen" ari da gizartean.
Uztailaren amaieran milaka migratzailek Ceutan Espainiaren eta Marokoren arteko muga zeharkatu izanak migrazio krisi handia eragin du. Nola bizi dute egoera Ceutan bizi diren zure gertukoek?
Ceutara familia bisitatzera joana zen lagun batekin hitz egin nuen duela gutxi, eta hark komentatu zidan hiriaren erdigunean giroa nahiko normala eta lasaia zela. Kanpoaldeko auzoetan, ordea, giroa bestelakoa da. Han jende gehiago dago pilatuta, eta lagun horrek periferian bizi duen osaba baten etxebizitzako bebarruan, esaterako, egunero hamar pertsonak egiten zuten lo. Giroa deserosoa da han, egoera zailagoa, eta elkarbizitza apurtzen ari da.
Bestalde, bi izeba bizi ditut hiriaren erdigunean, eta haiek ez dute gaizki bizi egoera. Baina, esaterako, haietako batek salgai zuen etxebizitza bat erostera zihoanak atzera egin du, gertatzen ari denagatik. Egoera honek eragin handia du alderdi guztietan: gizatasunari dagokionez, sozialki, ekologikoki, ekonomikoki... Eta politikoki ere bai. Izan ere, eskuin muturra egoera aprobetxatzen ari da bere diskurtsoa zabaltzeko, eta zentzu horretan, beldur handia ematen dit ikusten ari garen honek. Hilaren 2an Ceutaren Eguna izan zen, manifestazioak egin zituzten. Madrilen eta Ceutan bertan, esaterako, hainbat kazetari eraso zituzten. Ikusten ari garen egoerak ez dio laguntzen elkarbizitzari.
Normaltasuna mantentzen al da Ceutan?
Esan bezala, norberaren bizitokiaren araberakoa da hori. Baina une honetan, normaltasuna apurtuta dago Ceutan. Gainera, hiriak biztanle dentsitate handia du; 84.000 biztanle ditu, eta datu ofizialen arabera, uztailaren 30ean 70.000 pertsona inguru sartu ziren. Beraz, bat-batean biztanle kopurua ia biderkatu egin zen. Ceutara sartu ziren pertsona horietatik 8.000-10.000 inguru geratzen dira han, eta hiriak beteta jarraitzen du: hondartzak, parkeak... jendez gainezka daude. Zaila da imajinatzea, baina hau ez bezala, Ceuta itxita, mugatuta, dago, ezin zaitezke edonora joan. Egoerak presio-eltze bat dirudi uneotan.
Hainbat herritarrek azaldu dute segurtasun falta handia nabari dutela kalean. Halako sentipenik jaso al duzu zuk?
Ez didate halakorik esan, baina gauzak gertatzen ari dira, eta estatistikari eutsiz, hainbeste herritarren artean gertaerak jazotzea normala da. Esaterako, hainbat emakumek salatu dute bortxatu egin dituztela. Jende gehiago badago, zerbait gertatzeko arriskua ere handitu egingo da. Bestalde, iruditzen zait segurtasun ezaren sentipena handiagoa dela, gero benetan dena baino.
Migratzaileen kontrako jarrerak ere ikusi dira: Gurutze Gorriaren laguntza oztopatu dute zenbaitek, haien kanpalekuak eraso dituzte...
Desastre itzela da han gertatzen ari dena, eta esan bezala, eskuin muturra egoera aprobetxatzen ari da; Ceutako nire gertukoek ere hala uste dute. Ceutan gertatzen ari denak eragin handia izango du datozen hauteskundeetan; are, PP eta Vox alderdiek kanpaina egina dute dagoeneko. Hiriak nahikoa baliabide al ditu hainbeste pertsona hartzeko? Ez, ezinezkoa du hainbeste hartzea, eta nire ustez, migratzaileak han uztea benetako arazoa da. Uste dut pertsona horiek Espainia osoan banatu beharko lituzketela, modu horretara kudeatu beharko lituzkete asilo eskaerak.
Halako dimentsioetara iritsi gabe, ez da lehen aldia migratzaileek Ceutarako muga igarotzen dutela. Aldatu egin al da migratzaileekiko jarrera?
Ceutako herriak harreman handia izan du migratzaileekin, betidanik izan baita migrazio mugimendu handia han. Oraingoa bezalakoa inoiz ez, oraingoa erraldoia izan delako, eta egia da sentimendu txarra dagoela migratzaileekiko eta Marokorekiko. Izan ere, jendeak pentsatzen du inbaditu egin dituztela, eta entzuten ari gara Marokok Ceuta eta Melilla nahi dituela beretzat, baita AEBak zein Israel gertatutakoaren atzean daudela ere. Egoera oso zaila da.
Gaur egun, Ceutako herritarren %43 musulmanak dira. Orain arte, nolakoa izan da herritarren arteko elkarbizitza?
Orain arte, normaltasunez bizi izan dute egoera. Orain, gainera, ikusi dugu musulman askok migratzaileei lagundu dietela, eta hori normala da, haiek gertuago sentituko dituztelako. Izan ere, migratzaileak Ceutara iritsi zirenean, Espainiako zein hango gobernuek ez zuten ezer egin haiei laguntzeko, eta pertsona horiek janaririk eta ezer gabe zeuden. Kontrara, pertsona zuri asko haien kontra jarri direla ikusi dugu. Zentzu horretan, elkarbizitza pixka bat hautsi da.
Ceutako gertaerak askotariko erreakzioak sortu ditu gizartean, eta joan zen astean mobilizazioak izan ziren hainbat hiritan. Batetik, hainbat alderdik antolatuta, "Ceutaren alde" elkartu ziren asko. Bestetik, horien interes arrazistak eta faxistak salatu zituzten hainbat taldek haien aurrean.
Gertatu denarekin, eskuin muturrak indar handia hartu du, eta uste du arrazoi osoa duela. Jende asko diskurtso horren alde dago, eta ezkorra naiz gertatzen ari denaren inguruan. Kezka handia eragiten dit. Beti pentsatu izan dut Voxek eta PPk elkarrekin ez lituzketela inoiz hauteskundeak irabaziko, baina orain uste dut baietz.
PPk 26 urte daramatza agintean Ceutan. Eragingo al dio alderdi horri gertatu denak?
Indar handiagoa hartuko du. Vivas presidentea nahiko moderatua dela esan daiteke, hedabide guztietan agertzen ari da, eta une honetan, Ceutako pertsonarik garrantzitsuena da. Ceuta Ya alderdi ezkertiarra dago oposizioan, eta haren burua, esaterako, musulmana da. Uneotan, desagertuta daude alderdi horretako liderrak, eta eraso ere egin zituzten duela egun batzuk.
Bien bitartean, Ceutara iritsi diren migratzaileek egoera penagarrian jarraitzen dute…
Han ez baitago lekurik guztientzat. Estimatzen da 6.000 pertsona gehiagoren asilo eskaerak kudeatuko dituztela, baina logistika handia behar da horretarako, eta bien bitartean, jendeak kalean segitzen du bizitzen. Gainera, eskuin muturrak irtenbide azkarra proposatzen du, "bidali azkar migratzaile guztiak beren herrialdeetara, eta kito". Baina ezin dira halako gauzak egin ongizate estatu batean; prozedurak jarraitu behar dira eta halakoak botatzea gezurra esatea da, baina jendea mezu horrekin geratzen da.