Beste 200 eguzki plaka jarri dituzte Xabier Munibe ikastolako teilatuan

Ane Olaizola

Eguzki plakak Xabier Munibe ikastolaren tailatuan. (Azkoitiko Udala)

Energia berriztagarrien alde udalak egina duen "apustuan" gauzatu ditu lanak Xabier Munibe ikastolan, gune hori baita eguzki plakak jartzeko lekurik aproposena. Autokontsumorako azpiegitura horrek bederatzi udal eraikin hornituko ditu. 

Azkoitiko Udalak plaka fotovoltaikoak jarri ditu Xabier Munibe ikastolako teilatuan, eta lehendik zeudenez gain, 522 metro koadro hartzen dituzten beste 200 modulu gehiago instalatu ditu; horrenbestez, 110 kilowatteko puntako potentzia batu zaio lehengoari. Erakundearen arabera, 110.527 euroko kostua izan du azken jarduera horrek, eta horietatik 79.000 euroko diru laguntza jaso du Energiaren Euskal Agentziatik. 

Xabier Munibeko autokontsumorako azpiegiturak bederatzi udal eraikin hornituko dituela azaldu du. Urteko kontsumoa 317.035 kilowatt-ordukoa dela kontuan hartuta, aurreneko urtean 21.425 euro aurreztuko dutela kalkulatu dute, eta datozen 30 urteetan, guztira, 836.711 euro. 

Energia berriztagarrien aldeko apustuan kokatu ditu udalak lanak: "Ahal den neurrian, energia berriztagarriei bide eman behar diegu, trantsizio energetikoa erreala izan dadin, eta horrek erakundeen eta gizarte osoaren inplikazio indibiduala eta kolektiboa eskatzen du. Hasi gara klima aldaketaren eraginaz jabetzen, eta horri aurre egiteko, denok jarri behar dugu zerbait geure aldetik eta neurriak hartu", adierazi du Imanol Arrizabalaga Ingurumen zinegotziak.

Ikastola, lekurik aproposena

Udalak gogoratu du sistema fotovoltaikoek energia sortzen dutela eguzkiak gogorren jotzen duen orduetan, eta sortutako energia eguzki plakek jasotzen duten erradiazioarekiko proportzionala izaten dela. Hori hala, ekoizpena kontsumoa baino handiagoa bada, soberakina ekonomikoki konpentsatzen da, merkatuko prezioan egindako energia salmenta gisa.

Xabier Munibe ikastolan ez ezik, haurreskolan zein Gaztanenea jauregian ere jarriak ditu udalak eguzki plakak. Haren arabera, eguzki plaken potentziala kalkulatzeko azterketa egin zuten duela bi urte, eta han ondorioztatu zuten ikastolak dituela baldintza egokienak halako panelak jartzeko. Horregatik jarri dituzte eguzki plakak hango teilatuan. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide