Anaitasunak etzi ezagutuko du Espainiako Errege Koparen atariko kanporaketako aurkariaren izena

Andoni Elduaien

Julen Aramendi, Txerloian, baloia oinetan duela. (Anaitasuna)

Gorritxoen gizonen taldeak Espainiako Errege Koparen atariko kanporaketa jokatuko du. Irailaren azken asteburuan jokatuko dute joaneko partida, eta urriaren lehenengoan itzulerakoa. Zozketa ostegunean egingo dute. Kanporaketa gaindituz gero, Espainiako Lehen Mailako aurkari baten aurka jokatuko du Anaitasunak, Txerloian.

Anaitasuna futbol klubaren gizonen taldeak asteburuan hasiko du Gipuzkoako Ohorezko Mailako liga txapelketa. Oñatiko Aloña Mendi taldea jasoko dute gorritxoek Txerloian, zapatuan (17:00). Dena den, begi bat ostegunera begira jarria du herriko futbol taldeak, egun horretan egingo dute-eta Espainiako Errege Koparen atariko kanporaketaren zozketa, 13:00 inguruan hasita.

Loren Barbado entrenatzaileak zuzentzen duen taldea bigarren sailkatu zen 2025-2026 denboraldian, eta postu horri esker, Espainiako Errege Koparen atariko kanporaketa jokatzeko sailkapena lortu zuen. Hain justu, etzi egingo dute atariko kanporaketa horren zozketa. Atariko kanporaketa bi partidatara jokatuko dute: irailaren 26an eta urriaren 3an jokatuko dituzte, hurrenez hurren, joaneko eta itzulerako partidak. Zozketa horretan zehaztuko dute, batetik, Anaitasunaren aurkaria zein izango den, eta bestetik, joaneko nahiz itzulerako lehiak zein zelaitan jokatuko dituzten. 

Espainiako Futbol Federazioak, azken aldietan bezala, lau multzo osatu ditu zozketa egiteko. Taldeek elkarren artean geografikoki duten hurbiltasunaren arabera osatu ditu federazioak multzoak, eta hori hala, Anaitasunak badaki bere aurkaria zein izan daitekeen. Espainiako Estatuko honako futbol talde hauek dira gorritxoen aurkari posibleak: Ribadesella Club (Asturias); SD Noja (Kantabria); CD San Jose de Soria (Gaztela eta Leon); Auriense CA (Galizia) eta Club Deportivo Tedeon (Errioxa) dira.

Saria, handia

Kopako txapelketa horren atariko kanporaketa gaindituko balu Anaitasunak, Espainiako Lehen Mailan diharduen talde baten aurka jokatuko luke zaleen aurrean, Txerloian. Balentria hori ez litzateke gorritxoentzat berria; izan ere, 2020ko abenduaren 17an, Anaitasunak Getaferen aurka neurtu zituen indarrak; 1-2 nagusitu zen Madrilgo taldea. 

COVID-19a zela eta, zaleen babesik gabe aritu zen Anaitasuna Getaferen aurkako partidan. Aurten, berriz ere, Espainiako Lehen Mailako talde baten aurka aritu nahi dute gorritxoek, baina oraingoan, jarraitzaileen babesarekin. Atariko kanporaketa gaindituko balu Loren Barbadoren taldeak, hurrengo faseko kanporaketa partida bakar batera jokatuko luke. Urriaren 28an, asteazkenez, jokatuko luke Anaitasunak balizko norgehiagoka hori. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide