Zeruraino lagunduko diote gaur Epelderi

Ihintza Elustondo 2026ko abuztuaren 25a

Tomas Soraluze 'Epelde' trikitilaria. (Gaizka Peñafiel)

Gaur egingo dute Tomas Soraluze Epelde Martirietako trikitilari ezagunaren aldeko omenaldi kutsuko hileta, 19:00etan, Azkoitiko parrokian. Josu Arrizabalaga Izer trikitilari azkoitiarrak nabarmendu du "eredu bat" izan dela "soinuaren munduan eta pertsona moduan". 

Trikitiaren irria isildu da. Tomas Soraluze Epelde (Azkoitia, 1945) trikitilaria hil zen larunbatean, 81 urte zituela. Martirietako Epelde-Goikoa baserrian jaioa, hainbat urte eman zituen trikitiari lotuta, eta plazaz plaza aritu izan zen soinu txikiarekin giroa alaitzen. Soinu txikiari doinua ateratzeko dohaina ez ezik, hura jotzerakoan inoiz galtzen ez zuen irribarrea izan da haren bereizgarria. 

Haren aldeko hileta elizkizuna gaur izango da, Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundearen parrokian, 19:00etan. Hilbeila Azkoitiko tanatorioan egongo da gaur, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik hileta ordura arte. 

"Eredu bat" joan da

Epelderen heriotzak samina eragin du trikitiaren munduan. Josu Arrizabalaga Izer trikitilari azkoitiarrak, esaterako, hitz politak izan ditu Epelderentzat, eta nabarmendu du bere hitzak beste askorenak ere badirela. "Epelde eredu bat izan da soinuaren munduan, eta pertsona moduan ere bai. Soinua jotzen berak eduki dituen gaitasun berezi hori eta grazia bakarrak izan dira. Sekulako zortea izan dugu bera ezagutu izanaz: zenbat esperientzia, zenbat anekdota, zenbat ikasi dugun...". Epelderen irribarrea ekarri du gogora: "Beti zeukan barrea ahoan, bai soinua jotzerakoan, bai bizitzan. Berarekin egotea zen bizitza honek ematen zuen poz bat. Eta hori mantendu du azken momentura arte".

Izerrek jakinarazi duenez, omenaldi kutsua hartuko du gaurko hiletak, eta trikiti nahiz bertso doinuekin agurtuko dute Martirietako trikitilaria. Izerrek gogora ekarri du Epeldek Juan Ezenarro Berastegi zenarekin trikitilari bat hil ostean izan zuen hizketaldia: "Berastegik galdetu zion Epelderi: 'Hi, zeruraino lagundu beharko zioagu ba?'. Eta baietz erantzun zion Epeldek; hildakoa soinu jotzailea zela, familiakoa, eta zeruraino egin behar zuen bide horretan elkarrekin egon behar zutela, indarra ematen eta laguntzen". Ordutik, trikitilariren bat hiltzen den bakoitzean, zeruraino laguntzen diote zendu berri denari hainbat trikitilarik, hileta ondoren eskerrak emateko pieza bat joz, eta gaur ere hala egingo dute. "Epeldegatik jende asko etorriko da, merezi zuen pertsona zelako. Hori ez da diruarekin erosten, hori bizitzan zehar irabazi egin behar izaten da. Eta Epeldek hori dena ondo irabazita zeukan". 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide