Ohiko moldeetatik kanpoko egitarauarekin ospatuko dituzte aurtengoan ere Aizpurutxoko festak

Iraia Oteiza 2026ko abuztuaren 21a

Aizpurutxoko jaiak, iaz. (Andoni Elduaien)

Meza, akuarela tailerra, erakusketa, eta musika, soinua, dantza, irudia nahiz jan-edana uztartuko dituen ibilaldia izango dituzte aukeran herritarrek aurtengo Aizpurutxoko sanagustinetan. 

Abuztuaren 28an San Agustin eguna izango da, Aizpurutxoko zaindariaren eguna, eta data horren bueltan aurten ere jaiak antolatu dituzte Aizpurutxoko bizilagunek. Antolatzaileen hitzetan, aurtengoak ere "jai atipikoak" izango dira, lehengo erromerietatik urrun, ohiko moldeetatik kanpoko egitaraua prestatu dutelako beste behin ere. 

Hilaren 28an, ostirala, meza nagusia egingo dute auzoko San Agustin elizan, 11:00etan. Hurrengo egunean, larunbatean, izango da jaietako egun handia. 11:00etan hasi eta 13:00etara akuarela lantegia izango da; saioan parte hartzeko, baina, aurrez izena eman beharko da urbasokomarmarrak@gmail.com helbidera idatzita. 20:00etan, berriz, frontoitik abiatuta, ibilaldia egingo dute auzoan zehar. Hitzordu horretan musika, soinua, dantza, irudia, janaria eta edaria uztartuko dituzte, auzoa oinezkoen begietatik, gertutik ezagutuz. Artearekin lotura zuzena izango du ibilaldiak; hain zuzen, Andoni Salamerok eta Mikel Alberdik (olerkia), Gorka Larrañagak eta Gerard Cullellek (pintura), Karlos Ibarbiak (soinu paisaia), Michele Abregok (ikus-entzunezkoa), Gorka Salmeronek (argazkia), Garazi Etxaburuk (dantza garaikidea) eta GARIk (zuzeneko musika) parte hartuko dute ibilaldi horretan. 

Halaber, egun osoan zehar Aizpurutxoko irudien erakusketa izango da eskoletako frontoian. Antolatzaileek diote erakusketa "sinplea baina berezia" izango dela; Azkoitiko Udal Artxibategiko irudiak, Gorka Larrañaga artistaren marrazkiak, Gerard Cullell marrazkilari eta Aizpurutxoko bizilagun berriak egindako akuarelak eta egunean bertan akuarela tailerrean sortutako marrazkiak egongo dira erakusgai han.

Hain zuzen ere, Aizpurutxoko aurtengo jaiak iragartzeko egin duten karteleko irudia Arroitajauregi Argazki Fondotik hartutakoa da. Irudiaren atzeko aldean Aizpurutxo ageri da, eta aurrealdean duela urte asko auzoan izandako hileta bat. Antolatzaileei jaiak iragartzeko "argazki aproposa" iruditu zaie, aurtengoan ere arima mexikarrekin batera, heriotza omenduz ospatuko dutelako bizitza. 

Hona hemen Aizpurutxoko jaien egitaraua: 

Abuztuak 28, ostirala

  • 11:00. Meza nagusia, San Agustin elizan.

Abuztuak 29, larunbata

  • 11:00-13:00. Akuarela lantegia. Parte hartzeko aurrez izena eman behar da. 
  • 20:00. Ibilaldia auzoan zehar, frontoitik abiatuta. Musika, soinua, dantza, irudia, janaria eta edaria uztartuko dituzte bidean zehar. 
  • Egunean zehar, Aizpurutxoko irudien erakusketa eskoletako frontoian. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide