Santa Klara eguna ospatu dute hainbat herritarrek

Julene Frantzesena 2026ko abuztuaren 11

Gaurko egunaren izen bera duen komentuko elizan elkartu dira dozenaka lagun gaur goizean. Felix Azurmendi erretoreak eskaini du meza, eta ondoren, mokadua egin ahal izan dute hara joandakoek. 

Santa Klara eguna da gaur, abuztuaren 11, eta Azkoitian bada egunaren izen berbera duen komentua. Hori dela eta, ohiturari eutsiz, elizkizuna egin dute gaur goizean han, Felix Azurmendi erretoreak gidatuta, eta dozenaka herritar joan dira mezara, baita Ana Azkoitia alkatea ere. Jose Luis Frantsesena arduratu da elizkizunean organoa jotzeaz, eta haren doinuei ahotsa jartzeaz Parrokiako Abesbatza.

Eukaristiaren bukaeran, erretoreak eskerrak eman dizkie Azkoitiko Santa Klara monasterioaren jabe berriei gaurko hitzordua egiteko erakutsitako prestutasunagatik; izan ere, dagoeneko ez da Elizaren jabetzakoa, esku pribatuetan dago komentua. "Dena prest izateko egindako lanagatik, eskerrik asko bihotzez", esan die elizan bertan ziren jabe berriei.

Herritarrak elizatik atera direnerako, atarian prest zuten mokadutxoa; askotariko gozoez nahiz saldaz gozatu ahal izan dute hara joandakoek. Dena den, aurreko urteetan ez bezala, aurten elizpean egin dute hamaiketakoa; aurreko urteetan klaustroan egin izan zuten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide