Jokin Aranbarri: "Nigan benetan sinesten duela erakutsi dit Eibarrek"

Andoni Elduaien 2026ko uztailaren 30a

Jokin Aranbarri, Txerloia zelaian. (Argazkia: Andoni Elduaien)

Athletic B taldera jo aurretik, zortzi urte egin zituen Aranbarrik Eibarren harrobiko taldeetan. Orain, armaginen lehen taldea zuzenduko du, maila profesionalean.

Eibar futbol taldeko entrenatzailea da Jokin Aranbarri (Azkoitia, 1984). Athletic B taldean aritu da hura azken bi denboraldietan, baina armaginekin egin du bat berriro, aurrez haien harrobian zortzi sasoi osatu ondoren. Ilusioz heldu dio Aranbarrik Espainiako Bigarren Mailako erronkari.

Eibar zuzenduko duzu datorren sasoian. Denboraldiaurrean bete-betean murgilduta zaudeten honetan, nola hasi duzu ibilbide berria?

Eibar entrenatzeko deitu zidatenean, ohartu nintzen bihotzak eta buruak bat egin zidatela, eta gauzak horrela sentitzen direnean, dena ona edota positiboa izan ohi da. Aurrez zortzi urte egin nituen Eibarren, kadete mailan hasi bigarren taldera iritsi arte, eta urte horietan guztietan gauza asko bizitzeko aukera izan nuen: entrenatzaile gisa aintzatetsia sentitzen nintzen, nire hitza entzuten zutela nekien. Orain, lehen taldea zuzentzeko aukera eman didate; nigan benetan sinesten duela erakutsi dit Eibarrek. Ilusioarekin hartu dut erronka, klubean prozesuetan sinesten dutela erakutsi didate eta.

Jauzi handiak eman dituzu urte gutxian.

Anaitasuna futbol taldeak teknifikazio saioetan umeekin lan egiteko aukera eskaini zidan, eta gero, Eibarrera joan nintzen, Fran Garagarzaren eskutik. Eibarren hazi eta hezi naiz, han ikasi dut zer den entrenatzaile izatea. Pauso horiek guztiak eman eta han biztako esperientziak bizi eta gero, orain Eibarren lehen taldeko entrenatzailea izatea oso garrantzitsua da niretzat. Horregatik dut dudan ilusioa; ardura ere sentitzen dut, baina ezeren gainetik, ilusioa.

"Eibarren hazi eta hezi naiz, han ikasi dut zer den entrenatzaile izatea"

Eibarren eta Athleticen harrobietan aritu zara azken urteetan. Nola heltzen diozu futbol profesionalean aritzeko erronkari? 

Unean uneko emaitzek eragin handia izan ohi dute futbol profesionalean, eta nagusiki, horixe da aldatzen dena. Harrobiko taldeak zuzentzen nituenean, klub horien etorkizuna lantzen genuen, baina profesionalen mailan, emaitzak zuzeneko inpaktua du klubean. Horrek presioa eragiten du, baina oso gustuko dut presio mota hori.

Dena den, futbolean nik pertsonak ikusten ditut eta horiengan sinesten dut. Kide bakoitzak bere etapak eta bere ezaugarriak izan ohi ditu. Nahiz eta klub profesional bat izan, eta horrek eragiten duen guztia desberdina izan, sinesten dut jokalari guztiek taldean elkarbizitza izan behar dutela eta guztiek marra bati jarraitu behar izaten diotela. 

Athletic B taldea utzi eta gero hartu zenuen Eibarrerako bidea. Noiz eta zein unetan jaso zenuen armaginen eskaintza?

Futbol denboraldia amaitu zenean, oporretara joan nintzen familiarekin. Pentsatzen genuen uda lasai samarra izango genuela, baina oporretan nengoela, Eibarren deia jaso nuen, eta familia han utzita, elkarrizketa egitera etorri behar izan nuen. Bilkura horren ondotik, guztia azkar joan zen, di-da batean itxi genuen kontua.

Nola gogoratzen duzu dei hura jaso zenuen unea? Amestutako momentu bat izan daiteke entrenatzaile batentzat...

Barru guztiak mugitu zitzaizkidan; jaso genezakeen albisterik onena izan zen, niretzat eta familiarentzat. Deitu zidatenean, aurrez Eibarren bizitako esperientzia guztiak kolpera burura etorri zitzaizkidan, baita klubeko lagunekin elkarbanatutako uneak ere. Horregatik guztiagatik dut egun dudan ilusioa, eta arrazoi horregatik sentitzen ditut presio eta ardura gehiago.  

Aranbarri, jokalariei aginduak ematen. (Eibar)

Zer arrazoigatik erabaki duzu Eibarren eskaintza onartzea? 

Eibarren bizitako esperientziak, Eibarrek emandako balioak nahiz entrenatzaile gisa hobetzeko emandako erremintak, Eibarren ezagutu ditudan profesionalak... Azken urteetan, errendimendu maila handia eskatzen zuten taldeetatik gertu egon naiz, presio aldetik ere nolabaiteko eragina zutenetan. Aurrerantzean, ordea, mundu profesionalean murgilduko naiz, eta hori beste jauzi bat dela iruditzen zait. 

Nabaritu al duzu jada mundu profesionalaren eragina?

Ingurunea aldatu egiten da. Ikus dezaket nire lanak momentuan bertan zer-nolako eragina izan dezakeen, baina naturaltasunez ari naiz bizitzen egoera. Nahiz eta jakin batzuetan egoera deserosoak bizitzea egokituko zaidala, gustatzen zait ausarta izatea ere. Uste dut halako egoerak bizi behar ditudala nire burua hobetu nahi badut.

Kirol arloari erreparatuta, zer helburu jarri diozu taldeari?

Leku berri batean lanean hasten naizenean, testuingurua ezagutzea behar izaten dut. Eibarren testuingurua ezagutzen dut lehendik, baina inoiz ez naiz egon Eibarren lehen taldean. Nahi dut testuinguru hori nahiz jokalariak ezagutzea, baita horiek nola entrenatzen duten, zer pentsatzen duten eta zer sentitzen duten ikustea ere. Horrez gain, lortu nahi dut orain arte Eibarren egin diren gauza on guztiei eustea eta nire ideiak integratzea, hala metodo bat sortzeko. Jokalariei ahalik eta gehien lagundu nahi diet, behar dituzten erremintak eskaini.

"Niretzat garrantzitsua da Eibar ikustera joaten direnei emozioak sortzea"

Eta zeure buruari zer erronka zehaztu dizkiozu? 

Taldeak ideiak argi izatea nahi dut. Nola ez, zaleengan ilusioa sortu nahi dut; niretzat garrantzitsua da Eibar ikustera joaten direnei emozioak sortzea eta haiei hurrengo astean berriro zelaira joateko gogoa piztea. Hori da nire helburu garrantzitsuena. Horrekin batera, argi dago, orain arte egin den lana hobetu nahi dut. 

Zure aurpegia berria izango da Espainiako Bigarren Mailan. Zer abantaila eta desabantaila ikusten dizkiozu horri?

Abantaila izan daiteke, batetik, askok ez dutelako jakingo nire ideiak zein diren, ez dituzte ezagutuko partida baten aurrean zer sinesmen edo intentzio ditudan. Bestetik, desabantaila izan daiteke etxetik kanpoko testuingurua. Ipuruan astero egon naiz kasik, baina ez zait horrenbeste egokitu etxetik kanpo izango ditugun egoerak bizitzea. 

Entrenatzaile gisa, zein dira zure ezaugarri nagusiak? 

Niretzat ezinbestekoa da taldeak egoera desberdinetara egokitzeko gaitasuna izatea. Jokalariek ideiak argi izan ditzaten nahi dut. Taldeari ekimena uztea gustatzen zait, eta gauzen bila konbentzimenduz joatea. Gauzak egiteko modua da niretzat garrantzitsuena, eta horretarako, oldarkor aritu beharko dugu; agresibitate puntua beharko dugu baloirik ez dugunean, eta aurreraka defendatu. Jokoaren ekimena izatea egokitzen zaigunean, berriz, konbentzimenduz eta ausart aritzea nahi nuke.

Ba al duzu ilusiorik edo ametsik? Eta ezeren beldurrik?

Denboraldia amaitzean atzera begiratu, eta elkar hobetu dugula nahiz talde bezala funtzionatu dugula ikustea nahi nuke. Nola ez, emaitza onak lortzea nahi nuke, eta jendearengan ilusioa sortzea. Beldurrei dagokienez, gehiago kezkatuko nintzateke pertsonen arteko harremanek huts egingo balute. Pertsonen arteko harremanek bi noranzkoetan funtzionatu behar dutela sinesten dut, eta nigan konfiantza dutenei huts egiteak kezkatzen nau. 

Aranbarri, Eibar zuzentzen. (Eibar)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide