Abuztuan indargabetuta egongo da TAO sistema Azkoitian. Hori hala, eta bihar jaieguna denez, irailera arte ibilgailuei ez zaie txartelik jarri beharko Plazaberrin eta Floreaga jauregiaren aurreko aparkalekuan. Gainera, denbora mugarik gabe aparkatu ahal izango da bi leku horietan.
Nolanahi ere, irailetik aurrera normaltasuna berreskuratuko du TAO sistemak, eta bi gune horietan autoaren matrikula zehaztuta jarri beharko zaie ibilgailuei txartela astelehenetik ostiralera bitartean; 09:00etatik 13:00etara nahiz 16:00etatik 20:00etara atera beharko da ibilgailuentzako txartela. Hala eta guztiz ere, ordu muga desberdinak dituzte bi aparkalekuek; izan ere, Floreaga jauregiaren azpiko aparkalekuan egunean gehienez lau orduz eduki daitezke ibilgailuak, eta Plazaberrin, ordu eta erdiz.