Mimoz zaindu nahi dute ingelestutako barazki berdea

Ane Olaizola 2026ko uztailaren 28a

Ezkerretik eskuinera, Gorka Alcalde, Nestor Cruz, Suharri Aranburu eta Ander Franco. (Utzitakoa)

Beren buruei presiorik jarri gabe, musika soinu desberdin batera jo dute Suharri Aranburuk, Nestor Cruzek, Gorka Alcaldek eta Ander Francok Brockcollie taldearekin.

Badira daukaten izenari esker publikoaren arreta pizten duten musika taldeak; eta soinu bereizgarria, ezohikoa, sortzen dutelako ere erakartzen dituzte zaleak beste artista batzuek. Bi ezaugarriak betetzen ditu Azkoitiko Brockcollie taldeak, zeinak azken hilabeteetan gorpuztutako proiektua jendaurrera eraman berri duen.

Arrasateko Santamaña auzoan (Gipuzkoa) eskaini du oraintsu Brockcolliek bere aurreneko kontzertua, baina taldea, berez, duela urtebete baino gehiago sortu zuten. Trini Fox, Min zein Aiborafobia taldeetako kide den Suharri Aranburu izan zen proiektua abiarazi zuena, musikaren beste hainbat arlotan esperimentatzen jarraitzeko "egonezinak" hala bultzatuta. "Asko entzuten nuen bluesa, eta vintage jiteko soinua buruan bueltaka nuela, halako zerbait sortzea probatu nahi nuen", adierazi du Aranburuk. Hark lehen alea jarrita, Nestor Cruz lagunarekin elkartu, eta bi gitarristak hasi ziren, asmo handirik gabe, "zarata pixka bat" ateratzen Matadeixen. Ondoren batu zitzaien Gorka Alcalde bateria jotzailea, eta azkenik, Ander Franco baxu jotzailea. Bi gitarrarekin nahiz "anplifikadore eta pedal mordo batekin" sortutako proiektuak bestelako gorputz bat hartu du, beraz, pixkanaka, baina oinarrian, asmoak bera izaten jarraitzen du: soinu akustika "desberdina" sortuz, musika egitea.

Aranburu bera da "asmatutako ingelesezko" abestiei ahotsa ematen diena, baina kantuari baino, sonoritateari eman nahi diote garrantzia Brockcollien. Rockaren barruan "betikoa" egitera joan beharrean, blues zaharrera jo dute lau musikariek, eta giro horretan murgildu nahi dute, soinu efektu ugari erabilita. Giro horretan, taldeari izena ematen dion berde koloreko barazkitxoa ingelestutako itxuran aurkeztea ere haren okurrentzia izan zela adierazi du Aranburuk: "Betidanik egin izan didate grazia janarien izena daramaten musika taldeek: hor daude Rukula, Kurkuma, Baserriko Ollaskue Labien... Brokolia etorri zitzaidan niri burura, baina izen horri halako bira bat eman nahian, hitz jokoa eginez jarri genion Brockcollie izena taldeari".

Barrutik ateratakoa

Taldeko lau kideek Matadeiko entseatzeko lokala partekatu izan dute orain arte, baina bakoitza bere bidetik aritu izan da beste musika talde batzuekin. Orain, berriz, lehenengoz laurek bat egin dute musika sortzeko, eta Aranburuk adierazi du "oso ondo" egokitu direla bata bestearekin. "Nik buruan nuen harrikada ondo ulertu dute besteek ere, eta iruditzen zait ondo funtzionatzen duela gure proiektuak". Musikaren ohiko korrontea "streaming mundura" zabalduta dagoen honetan, gainera, egun nagusitzen diren patroietatik aldendu nahi izan dute musikariek Brockcollierekin. "Ez diogu askorik erreparatzen, esaterako, abestien eta horien zatien denborari; barrutik ateratzen zaiguna egiten dugu, eta kito". Oraingoz, sei bat abesti dituzte sortuta, eta horietako batzuk grabatzea da lau lagunen asmoa. "Gure ilusioa binilo bat ateratzea da. Mimo handia jarri nahi diogu lanari, eta nahiko genuke diskoaren azala eskuz egindakoa izatea, eta geuk egindako kamiseta batzuk ateratzea ere bai", gaineratu du Aranburuk.

Abeslari eta gitarristak adierazi duenez, hain zuzen, mimo handia eskainiz musikaren saltsan ibiltzeko proiektua da Brockcollie, proiektu "serio" bat baino. Asmo eta presio handirik gabe, lasai irudikatzen dute beren burua talde horretako kideek aurrerantzean ere, soilik barruan duten gogoa doinu bidez ateratzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide