Herritar ugari elkartu ziren atzo arratsaldean Baztartxo antzokian Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) Udako Topaketaren barruan eskaini zuen kontzertuaz gozatzeko.
Unai Urretxo zuzendari gonbidatuaren gidaritzapean aritu ziren orkestrakoak. Juan Crisostomo Arriagaren Los esclavos felices obraren oberturarekin abiatu zuen orkestrak kontzertua, Bilboko konpositorearen heriotzaren bigarren mendeurrenaren harira. Ondoren, Gustav Mahlerren 5. Sinfoniako Adagietto eta Georges Bizeten Carmen obraren 1. Suitea taularatu zituzten. Horiez gain, EGOren bi kide ohi ere aritu ziren bakarlari moduan orkestrarekin batera: Silvia Ferro eta Oihan Espina klarinete jotzaileak. Antolatzaileen arabera, "euskal errepertorioa, erromantizismoa, indar sinfonikoa eta musikaren historiako orrialde ezagunenetako batzuk" uztartu zituzten atzoko kontzertuan.
Gazte orkestrak Euskal Herriko hainbat herritan eskainiko dituen bost emanaldietako bigarrena izan zen atzokoa. Hondarribian (Gipuzkoa) hasi zuen bira, eta Azkoitikoaren ondotik, Donostian, Bilbon eta Gasteizen izango da.