Udako Topaketaren barruan, Euskal Herriko Gazte Orkestra Azkoitian izango da bihar

Ane Olaizola 2026ko uztailaren 12a

Euskal Herriko Gazte Orkestra, iaz, Baztartxo antzokian. (Ane Olaizola)

EGOren hiru kide ohirekin batera eskainiko du gazte orkestrak kontzertua Azkoitian, 19:00etan. Sarrerak aurrez eros daitezke Interneten. 

Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO), Udako Topaketaren barruko kontzertua eskainiko du bihar arratsaldean, Baztartxo antzokian, 19:00etan. Hain zuzen, Euskal Herrian zehar egiten ari den biraren barruko kontzertua izango da Azkoitikoa, eta hara joan nahi dutenek aldez aurretik eros ditzakete sarrerak Internetez, bost eurotan. 

Unai Urretxo zuzendari gonbidatuaren gidaritzapean arituko da orkestra Baztartxo antzokian, eta antolatzaileek azpimarratu dute haren parte hartzea "berezia" izango dela, Urretxo gazte orkestraren lehen promozioko kide izan baitzen hura 1997an; orain, hiru hamarkada geroago itzuliko da taldera, interprete gazteen belaunaldi berria zuzentzera. 

Horrez gain, kontzertuak izango du berezitasun gehiago ere, EGOren beste bi kide ohi ere izango baitira biharkoan: Silvia Ferro eta Oihan Espina. Klarinete jotzaileak dira biak, eta bakarlari moduan arituko dira orkestrarekin batera. Bi musikariek Felix Mendelssohnen Konzertstück 1 , eta Konzertstück 2 interpretatuko dituzte. "Parte hartze horrek berriz ere agerian uzten du EGOk bere ibilbidean zehar orkestrako kide izan direnekin mantentzen duen lotura", esan dute antolatzaileek. 

Juan Crisostomo Arriagaren Los esclavos felices obraren oberturarekin hasiko da kontzertua, Bilboko konpositorearen heriotzaren bigarren mendeurrenaren harira. Ondoren, Gustav Mahlerren 5. Sinfoniako Adagietto  eta Georges Bizeten Carmen obraren 1. Suitea taularatuko dituzte. Antolatzaileen arabera, "euskal errepertorioa, erromantizismoa, indar sinfonikoa eta musikaren historiako orrialde ezagunenetako batzuk" uztartuko dituzte biharko kontzertuan.

Gazte orkestrak Euskal Herriko hainbat herritan eskainiko dituen bost emanaldietako bigarrena izango da biharkoa. Hondarribian (Gipuzkoa) hasi zuen bira, eta Azkoitikoaren ondotik, Donostian, Bilbon eta Gasteizen izango da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide