Saharako kanpamentuetatik Azkoitira eta Azpeitira etorri diren haurrei ongietorria egingo diete bihar

Ane Olaizola 2026ko uztailaren 9a

Sahararrei iaz egindako harrera, Azkoitian. (Andoni Elduaien)

Oporrak Bakean proiektuari esker, errefuxiatuen kanpamentuetatik etorri diren hamabost haurrei harrera egingo diete Azkoitiko eta Azpeitiko udalek, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Fronte Polisarioak, Balda plazan. Horrez gain, umeentzako puzgarriak jarriko dituzte, eta mokadua eskainiko dute gero. 

Darahli elkartearen eskutik eta Oporrak Bakean proiektuari esker, Azkoitian eta Azpeitian uda igarotzen ari diren haur sahararrei ongietorria egingo diete bihar arratsaldean, Balda plazan. 17:00etan izango da ekitaldia, eta haur sahararrek ez ezik, honako hauek parte hartuko dute: Azkoitiko eta Azpeitiko udal ordezkariek; Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuko diputatu Goizane Alvarezek; Nazioarteko Lankidetzako foru zuzendari Ana Priedek; eta Fronte Polisarioaren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ordezkari nagusia den Mujtar Leboihi Emboiric-ek.

Joan zen astetik, Saharako errefuxiatuen kanpamentuetako hamabost haur ari dira uda igarotzen Azkoitian eta Azpeitian; Azkoitian, bi ume daude beren harrera familiekin, eta Azpeitian beste hamahiru saharar ari dira uda igarotzen, harrera familietan zein Ikasberri ikastolan aurrenekoz egiten ari diren Bakeleku udalekuan.

Sonia Vazquez Azkoitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotziaren arabera, Tindufeko kanpalekuetatik etorri diren umeen presentziak laguntzen du hango herria gogoan izateko. "Eta gogora ekartzen digu, badela herri bat, basamortuan, duintasunean eta erresistentzian bizi dena, munduak beste alde batera begiratzen duen bitartean. Errefuxiatuen kanpamenduek injustiziarik handienaren argazkia ematen digute. Udako egonaldi honek balio diezaietela bizi duten egoera jasangaitza apur bat arintzeko, indarrak hartzeko, eta oroitzapen onak eramateko bueltan”, esan du Vazquezek.

Saharar errefuxiatuei ongietorria egiteaz gain, uretako puzgarriak jarriko dituzte Balda plazan bertan, eta mokadua ere eskainiko dute gero, haurrek "erruz" goza dezaten arratsaldea. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide