Eibar futbol taldeak Jokin Aranbarri entrenatzaile azkoitiarra aurkeztu du gaur, astelehena. Ekainaren erdian jakinarazi zuen klub armaginak Aranbarriren fitxaketa, baina gaur egin dute haren aurkezpen ofiziala, Ipurua futbol zelaian. Amaia Gorostiza klubeko presidenteak eta Cesar Palacios kirol zuzendaria izan ditu Aranbarrik alboan.
Azkoitiarrak adierazi du egun "garrantzitsua" dela gaurkoa beretzat eta bere familiarentzat. Aranbarrik azaldu duenez, beretzat erabakigarria izan da Eibar zuzentzeko hartu duen erronka onartzeko klubeko langileak eta haien lan egiteko modua ezagutzea. "Badakit zer jende dagoen atzean, nola lan egiten duten eta nola egiten dituzten gauzak. Klub honekin oso identifikatuta sentitzen naiz, eta konfiantza hori ilusioz, sakrifizioz eta lana eginda itzultzea espero dut", esan du Aranbarrik.
Kirol proiektuari dagokionez, Aranbarri pozik agertu da taldearen zati handi batek datorren sasoian klubean jarraituko duelako. Gainera, erritmo, nortasun eta ekimen handiko futbolaren alde egingo duela aurreratu du hark: "Bere jokoan sinesten duen talde bat nahi dut; erritmo altua ezarri, eta era bertikalean nahiz dinamikoan jokatuta, partiden bila joango dena. Gure helburu nagusiak dira zaleak gutaz harro sentitzea, haiei zirrara eragitea".