Emakumeen XVI. Euskal Herria Kopako finalerdiak jokatuko dituzte abuztuaren 16an, igandez, Azkoitiko Txerloia futbol zelaian. 19:00etan hasita, Realaren eta Eibarren lehen taldeek neurtuko dituzte indarrak nor baino nor gehiago. Gipuzkoako taldeen arteko derbia jokatuko dute hala Azkoitian, eta finalerako sailkapena izango dute jokoan. Alavesek eta Athleticek jokatuko dute beste finalerdia, Amurrioko (Araba) Basarte futbol zelaian.
Andre Maria jaien barruan jokatuko dute Euskal Herria Kirola elkarteak antolatutako txapelketaren barruko partida hori. Ordea, aurtengoa ez da Txerloiak Euskal Herria Kopa txapelketako partida hartuko duen lehen aldia izango; izan ere, 2022an Realak eta Alavesek jokatu zuten finala Azkoitian, eta orduko hartan, txuri-urdinek 4-1 irabazi zieten babazorroei.
Gaur-gaurkoz, Athleticek bederatzi Euskal Herria Kopa ditu, Realak lau, eta Eibarrek bat. Hain justu, iaz irabazi zuten armaginek beren lehen garaikurra.