Urtebete eskas igaro da Gurea udal pilotalekua kudeatzaile berriek hartu zutenetik, eta urtemuga hori aitzakia hartuta, bertso-pilota jaialdia izan zen herriko frontoian atzo, ostirala. 21:00etan hasi zen saioa, eta bertso nahiz pilota zaleek jaialdi dotoreaz gozatu ahal izan zuten.
Beñat Gaztelumendi eta Iker Zubeldia aritu ziren bertsotan; lehen bertsolaria, bikote gorriaren botilleroa izan zen, eta bigarrena, urdinena. Lehen partidan, emakumeenean, Goiuri Zabaleta eta Itxaso Erasun bikote urdina 22-14 nagusitu zen Laia Salsamendi eta Nora Mendizabal bikote gorriaren aurka. Gizonetan, berriz, Iker Urmenetak eta Alex Juaristi azkoitiarrak osatutako bikotea gorriak 22-20 irabazi zion Mikel Goñik eta Jon Erasunek osatutako bikote urdinari. Emaitza horiek tarteko, bertsolari bakoitzak puntu bana eskuratu zuen.
Bai Gaztelumendik, bai Zubeldiak, pilotarien atseden uneak baliatu zituzten kantxaren erdira atera eta pilotariei bertsotan aholkuak emateko. Era berean, publikoari ere zuzendu zitzaizkien haiek. Gaztelumendik hartu zuen mikroa azkenekoz, eta hark herritarrei "herri egiten gaituzten guneetan" biltzeko deia eginez amaitu zuen saioa.