Elkarguneko sabaia berritzeko lanak hasi ditu udalak

Ane Olaizola 2026ko uztailaren 3a

Kantxa gaineko teilatua konpontzen. (Ane Olaizola)

Kiroldegiko spa eremuaren eta kantxa nagusiaren gaineko teilatu zatiak konponduko ditu udalak, ur filtrazioak saihesteko asmoz. Hiru hilabete iraungo dute lanek. 

Azkoitiko Udalak Elkarguneko teilatua konpontzeko lanak hasi ditu aste honetan. Kiroldegiko teilatuaren bi eremutan egingo dituzte esku hartzeak ur filtrazioak saihesteko asmoz, eta hiru hilabetean amaituko dituzte lanak. Limco enpresa ari da gauzatzen obra horiek, 117.730 euroko aurrekontuarekin. 

Batetik, kiroldegiko spa eremuaren gainen egingo dituzte lanak. Han osorik konponduko dute teilatua, eta horretarako, gaur egun dagoen estalkia kenduko dute, "erabat zulatuta eta kaltetuta" dagoelako. Horren ordez, "antzeko ezaugarriak" dituen beste xafla bat jarriko dute. Estalki horren elementu bertikalak ere egokituko dituzte, estaldura "osoa eta egokia" bermatzeko. 

Bestetik, kantxa nagusiaren gaineko teilatua konponduko dute. Hango polikarbonatozko sabai transluzido edo zeharrargia kenduko dute, eta berriak jarriko dituzte. Izan ere, udalaren arabera, "egoera penagarrian" dago teilatu puska hori, eta "filtrazio ugari" izaten dira gaur egun. Horregatik, elementu guztiak kenduko dituzte, eta beste batzuekin ordezkatu, "erabat hermetikoa" izan dadin. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide