Azkoitiko Hizkuntza Eskola ofizialean euskara eta alemana berreskuratuko dituzte datorren ikasturtean

Ane Olaizola 2026ko uztailaren 3a

Azkoitiko Hizkuntza Eskola. (Alex Berasategi)

Guztira, lau hizkuntza eskainiko dituzte Azkoitiko gela desplazatuan: euskara, frantsesa, ingelesa eta alemana. Irailean zabalduko dute matrikulazioa. 

Hizkuntza Eskolak jakinarazi du Azkoitian datorren ikasturtean zer ikasgai emango dituen: ingelesa, frantsesa, alemana eta euskara. Beraz, azken bi hizkuntza horiek berreskuratuko dituzte Azkoitian, azken bi ikasturteetan ez baitituzte eskaini. 

Euskarari dagokionez, C1 maila eskainiko dute, eta erdi-presentziala izango da. Beraz, astean behin joango dira hango ikasleak eskola jasotzera; astearteetan, 18:15etik 20:30era. Frantsesean, bestalde, bi talde sortzea aurreikusten dute: A1 eta A2. 

Ingelesari dagokionez, sei talde osatuko dituzte B1 eta C1 mailen artean: B2.2 eta C1 mailetako talde bana erdi-presentzial moduan eskainiko dituzte, eta beraz, hango ikasleek astean eskola bakarra izango dute ikastetxean. Alemana, berriz, A1 maila eskainiko dute, eta eskola horiek ere erdi-presentzialak izango dira; asteazkenetan izango dira eskolak, 18:15etik 20:30era.

Datorren ikasturtean hamar urte beteko ditu Hizkuntza Eskolaren Azkoitiko gela desplazatuak, eta matrikulazioa, berriz, irailean zabalduko dute. Zehazki, irailaren 1etik 6ra artean eman beharko da izena, Ikasgunea plataformaren bidez. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide