Kale antzerki bana izango da datozen bi zapatuetan

Ane Olaizola 2026ko uztailaren 2a

'Tavole' ikuskizuna. (Zirko Txosko)

Zirko Txosko eta Zirkozaurre konpainien eskutik, zirkua oinarri duten bi emanaldiz gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Etzi izango da aurrenekoa: Tavole. 

Azken urteetan bezala, aurten ere hainbat kale ikuskizun izango dira uztailean zehar. Azkoitiko Udalak bi kale antzerki antolatu ditu oraingo honetan, eta datorren larunbatean izango da aurreneko emanaldia: Tavole. 

Zirko Txosko konpainiaren eskutik gozatu ahal izango dute herritarrek Tavole ikuskizunaz larunbatean, 19:30ean, Balda plazan. Zirkua eta umorea uztartuta, gaur egungo munduaren inguruan duten ikuspuntua plazaratuko dute artistek obra horren bidez. "Arriskuz eta emozioz beteriko obra honetan, bi pertsonaia xelebrek errealitate eta fantasiaz beteriko egoerak biziko dituzte, eta bizipen horietatik ondorio garbi bat aterako dute: gizartean ditugun arazoei aurre egiteko bide bakarra da elkarbizitza, errespetua eta elkarlanarena. Hain sinplea eta, aldi berean, hain zaila".

Hilaren 11n izango dute herritarrek bigarren hitzordua, leku eta ordu berean. Orduan, ordea, Zirkozaurre konpainiaren txanda izango da, eta hark Ardatzak ikuskizuna taularatuko du. Emanaldi horren ere zirkua du oinarrian, baina kasu horretan, diaboloak izango dira protagonista: “Gorka eta Imanol malabaristek biratu egin behar dute egonkor egoteko, diaboloek bezala. Haiekin zirkuaren mundua ezagutu zuten, beren bizitzei zentzua ematen diena. Ikuskizun bat baino zerbait gehiago da; batez ere, egiaz eta poesiaz betetako omenaldia da". 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide