Beasaingo Alfil klubak irabazi du Azkoitia Hiria xake txapelketa

Julene Frantzesena 2026ko ekainaren 29a

Santurtzi sailkatu da bigarren postuan, eta Barakaldo hirugarren. Anaitasuna Kakuteko talderik onenak zazpigarren amaitu du. Joxe Azkue gogoan izan dute. 

Beasaingo (Gipuzkoa) Alfil klubak irabazi du Azkoitia Hiria xake txapelketaren 44. edizioa, Joxe Azkueren oroimenezkoa. Igande goizean jokatu zuten Anaitasuna Kakute xake klubak antolatutako lehia Kontzejupean, eta lehian parte hartu zuten hogei taldetako kideak aritu ziren nor baino nor garaikurrak lortzeko borrokan.

10:00etan hasi ziren xake partidak jokatzen Martintxo, Barakaldo, Santurtzi, Santurtzi Neskak, Zornotza, Liendo, Alfil, Altuna Uria, Beraun Bera, Billabona, Eibar, Eibar Txiki, Gros, Hondarribia-Marlaxka eta Anaitasuna Kakute klubetako jokalariak. Blitz erara jokatu zituzten neurketak; hau da, partidak hiru minutukoak izan ziren. 

Beasaingo Lakunza anaiek, Herrerak eta Mendiak txapelketa oso ona egin zuten, hamar garaipen eta 25,5 puntu eskuratuta. Santurtzi sailkatu zen haien atzetik (A. Zubizarreta, Martinez eta D. Zubizarreta), 25 punturekin. Hirugarren postua, berriz, Barakaldok lortu zuen (Urbieta, Caballero eta Virto), 22,5 punturekin.

Azkoitikoak ere fin

Azkoitiko xakelariak ere fin aritu ziren igandeko saioan. Anaitasuna Kakuteko talderik onenak (Valor, Fernandez eta J.L. Larrañaga) zazpigarren amaitu zuen, 19 punturekin. Anaitasuna Kakutekoen B taldea (Domingo, Ruiz, Goenaga), berriz, hamargarren sailkatu zen, 18,5 puntu bereganatuta. Azkoitiko xake klubeko gainontzeko taldeek ere txapelketa polita egin zuten. Era berean, Joxe Azkueren oroimenezko txapelketa izanda, omenaldia egin nahi izan zioten hari, eta han izan ziren haren alargun Urrategi eta senitartekoak. Anaitasuna Kakutek nabarmendu du "giro ederra" sortu zela lehian zehar.

Klubeko bazkideek uztailaren amaieran 30. Anai Blitz txapelketa izango dute; bazkideek, ikasleek, gurasoek eta gonbidatuek parte hartuko dute bertan, eta bazkari batekin borobilduko dute saioa. 

(Argazkiak: Julene Frantzesena eta Anaitasuna Kakute)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide