Udalak 50.000 euro bideratuko ditu Txerloiko Txiki Golf eremuan hobekuntzak egitera. Erakundeak teilatua eta erabilera publikoa izango duten komunak berrituko ditu, eta gero, haren kudeaketa kontzesio bidez esleitu. Udalak herenegun, asteazkena, egin zuen ekaineko ohiko udalbatzarra, eta orduan berretsi zuten erabakia, beste hainbat puntu barne hartzen dituen kreditu aldaketa onartuta.
Erakundeak nabarmendu du Txiki Golfen emakida egin aurretik, "beharrezkoa" dela egokitzapen lan batzuk egitea. "Txiki Golfek urteak daramatza itxita, eta pena da, kokapen ona duelako eta jarduera errentagarria izan daitekeelako. Hori dela eta, gure asmoa da behintzat teilatua eta bainugelak eraberritzea, esleipena ahalbidetzeko, eskaintza ateratakoan hutsik gera ez dadin", adierazi du Ana Azkoitia alkateak.
Beste proiektuez
Nolanahi ere, udalak udalbatzarrean onartutako beste zenbait proiekturen xehetasunak ere eman ditu gaur. Batetik, adierazi du baratze ekologikoak Santa Klaran birkokatuko dituztela. Kreditua aldaketa gauzatuta, udalak beste 50.000 euroko partida bat ezarri du Altamirako baratze ekologikoak Santa Klarara lekualdatzeko; izan ere, erakundeak lursail bat hartu du alokairuan han, Uxer errekaren ondoan. "Tokiz aldatzeko arrazoia da Altamirako eremua titulartasun pribatukoa dela, eta garapen urbanistikorako bideratutako gunea dela; alegia, sustatzaile pribatu baten eskuetan dago eta etxebizitzak eraikitzea aurreikusten du", azaldu du udalak. Gainera, adierazi du horretarako lizentzia eskaera egina duela.
Udalak egindako kalkuluen arabera, Uxer inguruko lursailak 8.500 metro koadroko azalera du, eta partzela "prest" egongo da udaberrirako. Uxerko lursailak 90 baratze jartzeko aukera emango du, Altamiran baino 21 gehiago. Datorren udaberrira bitartean, baina, Altamirako baratzeak normaltasunez erabiltzen jarraitu ahal izango dute esleipendunek.
Asteazkenean onartu zuten kreditu aldaketarekin beste hainbat lan ere gauzatuko dituzte: Aizkibel liburutegiko teilatua berritzeko 225.000 euro erabiliko dituzte; Txalonerrekako zutabe elektrikoa kentzeko 40.000 euro gehiago jarri dituzte, udalak azaldu duenez aurretik jarritako 300.000 euroak "nahikoa ez" izan. Era berean, Xabier Munibe ikastolako patioa eraberritzeko lizitaziorako partida ere handitu egin du udalak.