Azkoitiko Musika Bandak udako kontzertua eskainiko du etzi, zapatua. Oraingo honetan ez dute ez Kontzejupean, ez Baztartxon joko. Etzi, Plazaberrin arituko dira, udako emanaldietan sarritan egin izan duten bezala. 19:00etan hasiko da herriko musika bandakoen emanaldia, eta herritarrek hainbat abesti bertatik bertara entzun ahal izango dituzte; aurreratu dutenez, nazioartean eta Euskal Herrian ezagunak diren hainbat doinu eskainiko dituzte musikariek.
Guztira, hemezortzi abesti joko ditu musika bandak, eta ikus-entzuleak jolasean ere jarriko dituzte; izan ere, Julen Etxaniz ariko da kantuan eta aurkezle lanetan, eta hark bideratuta, bandak joko dituen abesti horiek guztietatik zortzi zein diren asmatu beharko dute herritarrek. Besteak beste, Kantauri, Konkista, Berri Txarrak, Lagrimas desordenadas, In the end, La ruta destroyer, Dap-dap eta Xiberutikan mendebaldera kantak joko dituztela jakinarazi du musika bandak.