Ugarteigarango igerilekuetako "gizalege falta" salatu du Azkoitiko Udalak, ekainaren 12an estali gabeko igerileku horiek zabaldu zirenetik, hainbatek ez dituztelako errespetatzen hango bainugelak zein berdegunea. Erakundearen arabera, komunak paperez beteta agertzen dira, lurrean, konketetan edo hormetan botatzen dituztelako paper puskak. Zelaian ere "gauza bera" gertatzen dela adierazi du: "Garbitzaileek lurrera botatako paper eta hondakin ugari jaso behar izaten dute egunero".
Egoeraren aurrean, Ana Azkoitia alkateak gaitzetsi du "erabateko errespetu falta" dela igerilekuaren "ordena eta gutxieneko higiene zein bizikidetza arauak" errespetatzen dituztenekiko: "Komunetako papera kendu behar al dugu inork lurrera bota ez dezan? Bakoitzak eraman behar al du papera etxetik bainugelei garbi eutsi ahal izateko? Horretara iritsi behar al dugu? Hainbeste kostatzen al da edukiontziak erabiltzea eta guztiok ezagutzen ditugun arauak betetzea?".
Hori dela eta, espazio publikoak zaintzeko eskatu du udalak, gogora ekarrita azpiegiturak guztienak direla eta "guztien ardura" dela horiek errespetatzea, baita hiri altzariak, lorategiak edo parkeak ere.