Iker Epelde: "Kantxara irten arte ez dakigu zeinen kontra jokatuko dugun"

Nerea Uranga 2026ko ekainaren 24a

Azkoitiko palistak, ezkerretik eskuinera: Amaia Aizpuru, Jokin Aizpuru, Iker Epelde, Igor Larrañaga eta Marcos Azpiroz. (Oteiza pilota elkartea)

Gomazko paletako Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren finala jokatuko du Azkoitiak Tolosaren kontra, igandean, ekainaren 28an, 10:30ean, Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Irabazten badu, paletan laugarren txapela izango luke Azkoitiak.

Gomazko paletako Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren finalera iritsi da Azkoita; bidean utzi ditu final laurdenetan Astigarraga –iazko txapelduna–, eta finalerdietan, Aia. Tolosaren kontra jokatuko du finala igandean, ekainaren 28an, 10:30ean, Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Han ariko da Iker Epelde (Azkoitia, 1987).

Zer moduz joan da Herriartekoa?

Ondo joan da. Aurten banuen finalera iristeko itxaropena, nahiz eta bidean iazko txapeldunak [Astigarraga] genituen. Lan txukuna egin dugu eta nahi bezala joan da. Momentuz, behintzat, hori esan dezakegu.

Finalean Tolosa izango duzue aurrez aurre. Nola ikusten duzue finala?

Tolosak talde oso konpletoa dauka, gurea baino konpletoagoa ziurrenik. Finala oso zaila eta oso gogorra izango dela aurreikusten dugu, azkenengo partidan erabaki daitekeela uste dugu. Uste dut faboritoa Tolosa dela.

Zergatik aurreikusten duzue finaleko azken partida erabakiorra izango dela?

Gomazko paletako Herriarteko txapelketan jardunaldiko hiru partidak jokatzeko adin mugarik ez dago, taldeko edozeinek joka dezake partida bat ala bestea. Horregatik, erabakiorra izaten da zeinek zer partida jokatzen duen. Jardunaldi batetik bestera aldaketak egoten dira, eta ez dakigu finalekoan Tolosak zein palista jarriko dituen partida bakoitzean. Estrategiatik asko du kontuak.

Noiz jakiten duzue zeinek zeinen kontra jokatuko duen?

Kantxara irten aurretik, aldageletan gaudela, epailea etortzen zaigu, eta hari esan behar izaten diogu bakoitzak zer partida jokatuko duen. Kantxara irten arte ez dugu jakiten zeinen kontra ariko garen. Eskuzkoan, jakinekoa da maila bakoitzeko bikoteak zeintzuk diren eta onenak atera ohi dituztela jokatzera; gomazko paletan, ordea, ez da horrela izaten.

Txapela behin baino gehiagotan irabazi duzue aurretik.

Sei bat urte dira Herriartekoan gomazko paletako txapelketa sortu zutela; lehenengo txapelketa ez genuen irabazi, baina bai haren segidako hirurak. Azken bietan ez ginen ondo ibili, baina aurten berriro lortu dugu finalera iristea. Ea Gipuzkoako txapela berreskuratzen dugun.

Aurten, Gipuzkoako Herriartekoa hiru modalitatetan ari da jokatzen. Zer alde dago batetik bestera?

Eskuko txapelketan hiru partida jokatzen dituzte, binaka eta adinaren arabera mailakatuta. Gomazko paletan, berriz, hiru partida jokatzen dira, baina adinaren baldintzarik gabe. Hiru partidak jokamolde desberdinetakoak dira: partida bat buruz buru eta kantxa osoan jokatzen da; bestea, binakakoa izaten da; eta hirugarrena, buruz buru, baina zazpi koadroren barruan jokatzen da. Beraz, jardunaldi bakoitzean, herri bakoitzetik lau pilotarik jokatzen dugu. Erremintako txapelketa da aurtengo Herriartekoaren beste modalitatea, eta kasu horretan, binakako bi partida jokatzen dituzte, bat larruzko paletarekin eta bestea pala motzarekin. Gainera, erremintarako saredun frontoi luzea behar da. Azkoitian ez daukagu ohiturarik erremintan jokatzeko, eta gainera, ez dugu gustuko. Gu gomazko paletan hasi ginen eta hor segitzen dugu.

Palako partidak ikustera joaten den afizioa nolakoa da?

Esku pilotakoen aldean, palistok jende gutxi biltzen dugu frontoian. Kanpoan jokatzen dugunean familikoak, bikotekideak eta gertuko lagunak joaten dira; eta etxean jokatzen dugunean, pala gustatzen zaion jende pixka bat etortzen da, baina ez asko. Guri gustatuko litzaiguke pala ikustera jende gehiago joatea, baina ez da hori gertatzen.

Finalean pilotalekuan zaleen babesa izatea garrantzitsua izango da, ezta?

Bai, beti da polita eta inportantea jarraitzaileak izatea pilotalekuko harmailetan. Gainera, iruditzen zait Tolosak jendea mugituko duela pilotalekura, inguru hartan eta Donostialdean palarako afizio handiagoa dagoelako. Alde horretatik desabantaila izango dugulakoan nago, eta Azkoitiko pilotazaleak igandean Atanora joatera animatu nahiko nituzke.

Azkoitian jende asko al zabiltzate paletan?

Azkoitian ez gabiltza asko. Jendea gaztetan eskuz ibiltzen da pilotan. Palan dabilena, batik bat lagunartean ibili ohi da. Eskuz aspertutakoan hasten da jendea paletan; neu ere halaxe hasi nintzen. Beste herri batzuetan gazte-gaztetatik hasten dira palaz jokatzen. Azkoitian ahalegin hori egin dugu guk baina, momentuz, ez dugu lortu. Berriak gara eta emaitza onak lortzen hasi gara, eta ea urteen poderioz gazteak palan hastera animatzen ditugun.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide