Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) udako birako kontzertua eskainiko du uztailaren 13an, astelehenez, Azkoitiko Baztartxo antzokian (19:00). EGOk, guztira, bost kontzertu eskainiko ditu uztailaren 12tik 16ra bitartean egingo duen biran, eta bigarrena izango da Azkoitikoa. Baztartxon jo bezperan, Hondarribian arituko da orkestra gaztea, eta Donostian, Bilbon eta Gasteizen emango ditu Azkoitian jo osteko kontzertuak, hurrenez hurren.
Ohikoa denez, EGOk Euskal Herriko musikari gazteak bilduko ditu. Entseguak uztailaren 6tik 11ra bitartean egingo dituzte Musikenen, eta orkestrako kideek errepertorioa prestatuko dute kontzertuen birari ekin aurretik. Aurten, Juan Crisostomo Arriaga musikagilea omenduko du EGOk, haren heriotzaren 200. urteurrenean. Hori hala, Azkoitiko emanaldian haren Esklabo zoriontsuak obraren obertura interpretatuko du orkestrak.
Ordea, Felix Mendelssohnen Konzertstücke 1. zenbakia, 113. obra, eta 2. zenbakia, 114. obra ere joko dituzte musikari gazteek. Era berean, Gustav Mahlerren 5. sinfoniaren Adagietto eta Georges Bizeten Carmen 1. suitea ere entzun ahal izango dira Baztartxon.
Emanaldirako sarrerak Entradium atarian eskuratu daitezke, 3 eta 5 euro artean. Honako lotura honetan eskuratu daitezke horiek.