40 talde ariko dira nor baino nor gehiago V. Beltzen Torneoan

Andoni Elduaien 2026ko ekainaren 23a

Bi talde, iaz, lehian. (Ane Olaizola)

Guztira, 40 taldek eman dute izena, eta datorren astelehenean hasiko dira lehian, aurre-kanporaketak jokatuz. Finala uztailaren 18an, larunbatez, jokatuko dute, Beltzen Egunean. 

Tta-kun areto futbol taldeak antolatuta, V. Beltzen Torneoa jokatuko dute datozen asteetan Azkoitiko Elkarguneko kantxa nagusian. Guztira, 40 taldek eman dute izena aurtengo txapelketarako, eta horiek datorren astean hasiko dira lehian. Astelehenetik asteazkenera bitartean aurre-kanporaketak jokatuko dituzte, eta ondoren hasiko dira kanporaketa faseekin.

Hain justu, txapelketaren egutegi osoa zehaztu dute antolatzaileek. Hiru astez jokatuko dituzten partidak Elkarguneko kantxan, asteburuetan izan ezik: uztailaren 2tik 8ra bitartean jokatuko dituzte final hamaseirenetako kanporaketak; uztailaren 9tik 14ra bitartean, final zortzirenetakoak; uztailaren 15ean eta 16an, final laurdenetakoak; hilaren 17an, finalerdiak; eta Beltzen Egunean, finala. Txapelketako partida guztiak 18:00etatik aurrera jokatuko dituzte.

Partidek 12 minutuko bi zati izango dituzte, eta areto futboleko arau orokorrak hartu beharko dituzte kontuan jokatzeko. Taldeak zortzi jokalariz osatu dituzte partaideek, talde bakoitzean, gutxienez, bi neska edo bi mutil aintzat hartuta. Gainera, horiek zuzentzeko entrenatzaile bat ere zehaztu behar izan dute taldeek.

Tta-kun taldeko kideek kiroldegia zaintzeko eskatu dute, eta harmailetan bildu ohi diren ikusleei zuzendu zaizkie, haiei txukun ibiltzea galdeginez. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide