Loren Barbadok Anaitasunan jarraituko du beste urte batez

Andoni Elduaien 2026ko ekainaren 22a

Loren Barbado, partida batena. (Anaitasuna)

Hirugarren denboraldia osatuko du Errenteriako (Gipuzkoa) futbol entrenatzaileak Anaitasunaren gizonen taldean. Gipuzkoako Ohorezko Erregional Mailan arituko da Anaitasuna, baina datorren sasoian Espainiako Errege Kopako aurre-kanporaketa jokatuko dute. 

Denboraldia amaitu berri du Anaitasunak, eta dagoeneko hasi da datorrenerako prestatzen. Loren Barbado entrenatzaileak Anaitasuna futbol taldea zuzentzen jarraituko du beste urte batez. Herriko futbol klubak atzo arratsaldean jakinarazi zuen berria sare sozialetan. 

Barbadok hirugarren urtea osatuko du Anaitasunan, 2024ko udan iritsi zen-eta Errenteriako (Gipuzkoa) entrenatzailea Txerloira. Haren esanetara osatutako lehen denboraldian, Anaitasuna seigarren sailkatu zen, eta aurten, ligako bigarrenak izan dira. Urte ona egin dute gorritxoek Barbadoren esanetara; Gipuzkoako Ohorezko Erregionalen mailan bigarren sailkatu da taldea, hogei garaipen, hamar berdinketa eta lau porrot pilatuta; guztira, 70 puntu batu ditu Anaitasunak igaro berri den denboraldian.

Hori hala, Espainiako Hirugarren Mailara igotzeko hiruko ligaxka jokatu dute Barbadorenek azken asteetan, baina ez du lortu helburua. Dena den, Espainiako Errege Kopa jokatzeko sailkatu da taldea; aurre-kanporaketa bat jokatu beharko du Anaitasunak, Madrilgo Getaferen aurka jokatu bezala, berriz ere Txerloian Espainiako Lehen Mailako talde baten aurka jokatzeko. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide