Xabi Orozek Ourensen jokatuko du datorren denboraldian

Andoni Elduaien 2026ko ekainaren 20a

Xabi Oroz, Palenciarekin jokatutako neurketa batean. (FEB)

Bi denboraldi osatu ditu joko antolatzaile azkoitiarrak Lehen FEB Mailako Super Agropal Palencia taldean. Bi urte horietan sailkatu da talde hori ACB ligara igotzeko lauko finalera, baina ez du lortu helburua. Orain, Palenciako taldea utzi eta Ourenserako bidea hartuko du azkoitiarrak. 

Xabi Oroz saskibaloi jokalari azkoitiarrak Super Agropal Palencia taldea utzi eta Ourensen jokatuko du datorren denboraldian. Jokalariak berak aurreratu zuen Palenciako taldea utziko zuenaren albistea sare sozialetan, eta Ourenseko (Espainia) taldeak gauran baieztatu zuen haren fitxaketa.

Palencian egindako bi urteko ibilbidea utziko du atzean joko antolatzaile azkoitiarrak; izan ere, 2024-2025 denboraldian batu zen Oroz Palenciako taldera, Gipuzkoa Basket taldea utzi eta gero. ACB ligatik Lehen FEB Mailara jaitsi zen urte hartan Palencia, eta orduan batu zen azkoitiarra talde horretara. Harrezkero, Palenciak galdutako maila berreskuratzea izan du helburu, eta ez du urrun izan. Oroz han aritu den bi denboraldietan sailkatu da Palencia mailaz igotzeko lauko finalera, baina arrazoi bategatik edo besteagatik, ez du lortu helburua. 

Saskibaloi jokalariak sare sozialetan eskerrak eman dizkio taldeari, eta han "bi urte eder" igaro dituela nabarmendu du.

Halaber, Ourenseko saskibaloi taldeak Orozen fitxaketaren berri eman du. Moncho Lopez entrenatzaileak nabarmendu egin du azkoitiarrak kantxan egoera desberdinetara egokitzeko duen "gaitasun maila handia", eta horrek taldeak saskibaloia ulertzeko duen moduarekin bat egiten duela gaineratu du. "Izaera, konpromiso eta lanerako etika handiko jokalaria da Oroz, eta hori funtsezkoa da talde sendo eta lehiakor bat eraikitzen jarraitzeko". Ourenserekin Lehen FEB Mailan jokatuko du saskibaloi jokalari azkoitiarrak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide