Azkoitiko Udalak Xabier Munibe haurreskolaren berdegunea egokitu du. Lanak Aste Santu ostean hasi zituen erakundeak, eta besteak beste, eremua irisgarria izan dadin ahalbidetu du. Udalak adierazi duenez, haurreskolaren aspaldiko eskaera zen lan horiek gauzatzea, eta behin amaituta, instalazioen zein zerbitzuaren "kalitatea" hobetu egingo dela azpimarratu du. Guztira, 138.898,33 euroko aurrekontua izan dute obrek.
Orain arte, berdegunea ez zuten erabiltzen umeek haurreskolan, gune hori ez baitzen irisgarria. Egin dituzten lanez gain, hainbat jolas eta altzari ere jarri dituzte eremuan. "Eraikinaren ondoan horrelako eremu berdea izanda, aprobetxatzea merezi du, eta esku-hartze horri esker, haurrek jolasteko eta gozatzeko beste gune bat izango dute, barruko hormetatik kanpo", adierazi du Marijose Arregi Hezkuntza zinegotziak.
