Goilurrak rallyrako motorrak berotu dituzte Azkoitiko kaleetan

Ane Olaizola 2026ko ekainaren 13a

Gaur jokatuko dute VIII. Goilurrak rallya Azkoitia eta Lazkao artean, eta horren atarian, pilotuek Azkoitian egin dute bat, rallyaren atariko autoen egiaztapenak eta irteera ekitaldia egiteko.

Zortzigarrenez jokatuko dute gaur Goilurrak rallya Azkoitia eta Lazkao artean (Gipuzkoa), eta han parte hartuko duten pilotuek Azkoitian egin zuten bat atzo arratsaldean, rallyaren atariko autoen egiaztapenak eta irteera ekitaldia egiteko. Ohiko moduan, eliz atarian egin zituzten egiaztapenak, eta ondoren, Plazaberrin jarri zuten aurkezpen gunea, pilotu bakoitzak bere asmoen berri eman zezan. Batean zein bestean, zale ugari bildu ziren. 

Errebueltie Motor eta Ikullu Racing kirol klubek antolatuta jokatuko dute VIII. Goilurrak rallya 57 pilotuk. Lehenengo eta hirugarren erlojupekoak Errezilen hasiko dira: Benta Berri paretik ia Santa Engraziaraino dagoen 7,44 kilometroko bidea egin beharko dute autoek –08:40ean eta 11:45ean hasiko dira txanda horiek–. Bigarren eta laugarren erlojupekoak, berriz, Zestoako Endoia eta Azkoitiko Madariaga auzoko Otarre jatetxearen artean jokatuko dituzte. Guztira, 14,58 kilometroko bidea egin beharko dute zati horietan pilotuek –09:10ean eta 12:15ean hasiko dira txanda horiek–. Lau txanda horiek izango dira Urola Kostan jokatuko dituztenak; izan ere, ondorengo lauak Goierri eta haren mugakide diren eskualdeetan jokatuko dituzte.

Ordea, txanda horiek jokatzeaz gain, lehian ibiliko diren autoak geldirik, aparkatuta, ikusteko aukera ere izango da Azkoitian. Eguneko lehen bi txandak osatu eta gero, 09:40etik aurrera, Oteiza pilotalekuetan elkartuko dira autoak, eta ibilgailu bakoitzak 20 minutuko atsedena egingo du bertan, gutxi gorabehera. Atseden bera errepikatuko dute autoek laugarren txanda amaitutakoan, 13:20 aldetik aurrera.

Rallya 19:00 aldera amaituko da, eta 20:15erako aurreikusi dute sari banaketa ekitaldia. Lazkaoko Euskadi enparantzan sarituko dituzte aurtengo rallyan markarik onenak egindako pilotuak. Honako mapa hau osatu du antolatzaile taldeak lasterketaren txanda guztiak erakusteko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide