Azkoitiko Izarraitz Lanbide Heziketak irabazi du AIC Bizkaiko automozio enpresak antolatu duen Bike Talent lehiaketa. Mugikortasun jasangarriko soluzio berriak garatu behar izan dituzte parte hartzaileek, eta Azkoitikoak nabarmendu dira aurten ere; lehiaketa antolatu duten hiru aldietan irabazi dute Izarraitzekoek.
Pedalei eraginda mugitzen den erabilera askoko ibilgailu bat aurkeztu dute Izarraitzekoek, bizikletaren bide segurtasuna hobetzea helburu duen proiektu bat. Biraka izena hartu duen proiektuarekin, mugikortasun inklusiborako egokitutako hiru gurpileko ibilgailua ondu dute. Aurreko aldietan bezala, Azkoitiko Lanbide Heziketan eskaintzen dituzten ziklo desberdinek esku hartu dute bizikletaren fabrikazioan eta ekoizpenean.
Lan horri esker saritu du AIC enpresak hirugarren aldiz Izarraitz Lanbide Heziketa, 2.000 eurorekin. Azkoitiko Lanbide Heziketa zentroak zoriondu egin ditu proiektuan parte hartu duten kideak: "Zorionak parte hartu duten ikasle eta irakasle guztiei egindako lanagatik, erakutsitako konpromisoagatik eta talentuagatik", azaldu du sare sozialetan.
