160 xake jokalari bilduko ditu etzi Azkoitia Sustapena txapelketak

Ane Olaizola 2026ko ekainaren 12a

Azkoitia Sustapena txapelketa, iaz, Elkargunean. (Anaitasuna Kakute xake taldea)

Hiru kategoriatan banatuta, Elkargunean jokatuko dituzte xake partidak izena eman duten 20 urtez azpiko jokalariek, 10:00etan hasita. Anaitasuna Kakute eta Gros xake taldeek antolatu dute txapelketa. 

Anaitasuna Kakute eta Gros xake taldeek antolatuta, Azkoitia Sustapena txapelketa jokatuko dute etzi, igandea, Elkargunean, eta egitasmoak 160 xakelari bilduko ditu 10:00etatik aurrera.

Txapelketaren helburua da gazteen artean xakerako zaletasuna sustatzea eta harrobia egitea: "Azkoitiko klubarentzat ohoragarria eta pozgarria da berriz ere jardunaldi hau egitea. Izan ere, alde batetik, gure gaztetxoei irteera ematen diegu etxean ekitaldi oso indartsu bat jokatuz; eta bestalde, gipuzkoar eta euskal xakea sustatzen jarraitzen dugulako gazteen elkarlanaren ildotik. Era berean, klubeko bazkide, neska-mutil, guraso eta kolaboratzaileen arteko batasunak giro ezin hobea sortzen du aretoak muntatzerako orduan".

Hain zuzen, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa osoko xakelariak bilduko dira igandean. Hiru kategoriatan banatuko dituzte parte hartzaileak: 20 urtez azpikoak, 14 urtez azpikoak eta 12 urtez azpikoak. Bost txanda jokatuko dira, 10 minutuko erritmo azkarrean, eta jokaldi bakoitzeko 5 segundoko gehikuntza izango dute. Goiz erdian, gainera, partaideek otamenekin osatutako poltsa bat jasoko dute.

Mikel Almansa Nazioarteko Xake Federakuntzako kidea arituko da epaile lanetan, eta hark Anibal Fernandez, Imanol Larrañaga, Christian Sanchez, Unai Dorronsoro eta Egoitz Irure izango ditu laguntzaile.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide